Markel Olano: "Oposizioan egoteak alternatiba sendoa osatzen lagundu digu Kosta bailaran"

Aritz Mutiozabal 2014ko azaroaren 29a

Ezkerretik hasita, Imanol Lasa, Igor Iturain, Oier Korta, Eider Mendoza, Uxoa Larrañaga, Markel Olano, Xabier Txurruka eta Jose Angel Zaldua (Aritz Mutiozabal). 2015eko hauteskundeei begira, "ilusio handiz" eta "jende berriarekin" ekin diotela aditzera eman du Gipuzkoako EAJren ahaldungai nagusi Markel Olanok: "Oposizioan egoteak alternatiba sendoa osatzen lagundu digu lurraldean, baita bailaran ere". Kostaldeko EAJren alkategaiekin eta kide jetzaileekin bildu da ahaldungai nagusia gaur goizean, Zarauzko Batzokian, bailarako lan-ildoak partekatzeko. Bertan izan dira Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako hautagaiak –hurrenez hurren, Igor Iturain, Uxoa Larrañaga, Jose Angel Zaldua, Xabier Txurrukak eta Oier Korta–, eta, hain justu ere, haiekin batera egin du agerraldia ondoren Olanok, bileran hitz egindakoaren berri emateko. Erronkari bat eginda heldu nahi diote; hau da, estrategiak bateratuta eta elkarrekin lan eginez. Era berean, ahaldugai nagusiak azaldu du Urola Kostako Udal Elkartea "indartzeko" borondatea dutela, EH Bilduren "paralisia" saihesteko. Lurraldea murgilduta dagoen krisiari "erantzun sendoa" eman behar zaiola erabaki dute, industria arloaren eta lehen sektorean alde apustu eginda: "Erakunde publikoen laguntza behar dute". Legealdi honetan proiektu estrategiko nagusiak aurrera ateratzeko ahalmenik ez dela egon, eta horri aurre egiteko "ideiak, determinazioak eta proiektuak"EAJk dituela agertu du. "EH Bilduk inposaketa ezarri du kudeaketa ikuspegitik, eta horrek jendea urrundu du. Guk uste dugu gure erronka nagusia dela jendearen konfiatza arlo politikora ekartzea. Berreskuratzea jendearekiko dugu konfiantza, alegia".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide