Aian hondakinen tasa ehuneko 5 igotzea erabaki dute 2014ko ordenantza fiskaletan

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko azaroaren 15a

Ordenantza fiskalak onartu zituzten udalbatzarreko une bat (Aiora Larrañaga/Hitza) Asteazken iluntzean Aiako Udalbatza bildu egin zen, besteak beste, 2014ko ordenantza fiskalak aztertzeko eta bozkatzeko. EAJren aldeko sei botorekin eta Bildu udal taldearen kontrako hirurekin onartu egin zuen udalbatzak Aiako Udal Gobernuak egindako proposamena. Aiako alkate Igor Iturainek udalbatzarrean azaldu zuenez, «zergak eta tasak, oro har, %1 igoko dira». Nabarmenen zabor bilketaren tasa igoko da; %5eko igoera izango du. Arrazoia azaldu zuten ordezkariek: «Tasak zerbitzua ordaintzeko izan behar du. Egun hondakinen inguruko gastu guztiak kontuan hartuta defizita dugu, eta ez gara iristen zerbitzu osoa kitatzera». Hondasun Higiezinen Gaineko Zergan hobariak aplikatzerako orduan familiako haur kopurua soilik hartzen da kontuan, eta Bildu udal taldeak uste du «familiaren errenta ere kontuan» izan beharko litzatekeela. «Horrela, behar handiena duten familientzat izango lirateke hobariak, eta hobarien aplikazio justuagoa eta sozialagoa izango litzateke», azaldu zuen Bilduko Aritz Arrutik. Bestetik, Bilduk salatu zuen aiarrek ordainduko duten hondakinen tasa Urola Kostako «garestienetakoa» dela. «Aiako Udalak ez ditu hondakinak murrizteko eta gehiago birziklatzeko baliabideak jartzen. Ez dio hondakinen arazoari irtenbiderik bilatu nahi. Urtetako zabortegira hondakin kilo gutxiago botako bagenitu, Aiako Udalak gutxiago ordainduko lukeela jakin arren, hondakinak nahastuta Urtetara bidea irekita uzten du». Bilduko kideentzat sistema ingurumenari eta osasunari dagokionean eta ekonomikoki «ez da jasangarria», eta aiarrek birziklatzeko pizgarriak jar daitezke. «Bosgarren edukiontzia erabiltzen dutenek eta autokonposta edo auzokonposta egiten dutenek hobaria izatea da gure proposamena». Adostutako mozioa 2014ko ordenantza fiskalez gain, Herrira auziaren harira Bilduk eta EAJk elkarrekin adostutako mozioa aho batez onartu zuten asteazkeneko udalbatzarrean. «Espainiako Gobernuaren estrategia politiko-judiziala salatzen dugu salbuespenezko legediak oinarri hartuta, zenbait erakunde judizial erabiltzen dituelako dena ETA da tesia aktibatzeko, Espainiako Gobernua jakitun izan arren ETAk duela bi urte ekintza armatuaren behin betiko etena aldarrikatu zuela», azaldu zuten bi alderdiek. Horregatik Aiako Udalbatzak «euskal herritarron eskubide zibil eta politikoen errespetua eskatzen du, eta Herriraren baitan euskal presoen oinarrizko eskubideen alde lanean ari ziren atxilotuei babesa ematen die», jaso zuten mozioan. Zergak
  • Hiri eta landa izaerako ondasun higiezinen gaineko zerga. %1 igoko da.
  • Jarduera ekonomikoen gainerko zerga. %1 igoko da.
  • Trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zerga. %1 igoko da.
  • Jarduera ekonomikoen gainerko zerga. %1 igoko da.
  • Eraikuntza, azpigiegitura eta obra zerga. Izoztu egin dute.
Tasak
  • Ura, saneamendu eta arazketa tasa. %1,5 igoko da (Ur Kontsorzioak esan bezala).
  • Feria eta jai postuen tasak. Izoztu egingo dituzte.
  • Zabor bilketa tasa. %5 igoko da.
  • Ospitaletxeko zerbitzuen tasa. %1 igoko da.
  • Hileta zerbitzuen tasa. %1 igoko da.
  • Fotokopia eta fax zerbitzua. Izoztu egingo dute.
  • Udal igerilekuko tasak. Izoztu egingo dira.
  • Udal probalekuko tasak. Izoztu egingo dira.
  • Udal pilotalekuko tasak. Izoztu egingo dira.
 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide