Kirol zirkuitua urte amaierarako prest izatea espero du Aiako Udalak

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko irailaren 5a

Kirol zirkuitua urte bukaerarako irekitzekoak dira Aiako hilerri inguruan. (Aiora Larrañaga/Hitza) Kirola egitea edo oinez ibiltzea osasungarria denez, adin guztietako herritarrei gomendatzen diete sendagileek. Aiako Udala horren jakitun da, eta kirol zirkuitua egiteko proiektua martxan jarriko du. Aiako alkate Igor Itunainek hala azaldu dio Hitza-ri: «Dena ondo badoa, eta azken uneko arazorik ez badago, urte bukaerarako prest izango da zirkuitua. Epeak betetzeko irailean zehar lanak hastea espero dugu». Kirol zirkuituaren proiektua 2009tik mahai gainean zuen Aiako Udalak. «2009an Gipuzko Foru Aldundiak diru laguntza deialdi bat atera zuen hiru urteko epean mota honetako proiektuak egitea ahalbidetzeko. Proiektua gauzatzen hastea atzeratu egin zaigu, baina urte amaierarako bukatuta izan behar dugu kirol zirkuitua». Gipuzkoako Foru Aldundiak 155.000 euroko diru laguntza emango dio Aiako Udalari kirol zirkuitua egiteko. Kirol azpiegituren osagarri Hilerri inguruan egitekoa duten kirol zirkuituak kilometro eskas izango du. «Eremu hori aukeratu dugu bertan lur sail zabala dugulako, eta bertatik, herrigunetik atera ere egin gabe, bista paregabeez eta naturaz goza daitekeelako», azaldu du Iturainek. Kirol zirkuituarekin, alde batetik, herriko kirolarien beharrak asetu nahi izan dituzte, korria egiteko herrigunean duten eremua zabalduz. «Negu partean goiz iluntzen du, eta korrika aritzen diren aiarrek zirkuitu mugatua eta gora-beheratsua izaten dute», zehaztu du. Horretaz gain, adineko pertsonak paseoan aritzeko ere «oso egokia» izango da kirol zirkuitua. «Izan ere, Aiako herrigunea nahiko aldapatsua izanik, ordekan ibiltzeko ibilbide txikia dute. Kirol zirkuitua ordekan egingo dugu; zenbait puntutan gehienez %6ko malda izango du». Urte amaierarako Aiako kirol azpiegituren osagarria izango den zirkuitua irekita izango da. «Gaur egun, pilotalekua eta Kultur Etxeko orotarako gela erabiltzen dituzte aiarrek kirol jarduerak egiteko. Horretaz gain, Orioko Karela kiroldegiarekin ere hitzarmena sinatuta du Aiako Udalak, eta aiar ugari joaten da bertara», gehitu du Igor Iturain Aiako alkateak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide