Gazteak festaren muina Aian

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko abuztuaren 7a

Koadrilen festa antolatu duen gazte koadriletako bat. Opor giroan murgilduta daude eskualdeko herritar asko. Zenbait oporraldian urrutiko lurraldeak ezagutzera joan dira, eta beste askok etxetik gertu bada ere herritik ihes egin nahi izan dute, urteko estresa alde batera uzteko. Hala ere, bada deskonektatzeko beste modu eraginkorrik ere; herriko festetan buru-belarri murgildu eta egun horietan beste guztia ahaztea, hain zuzen ere. Dudarik gabe, gazteak eta gazte sentitzen direnak izaten dira festez gehien gozatzen dutenak, eta atzo Aian abiatu zituzten San Donato eta San Lorentzo jaietan panorama ez da desberdina. Herriko jaiak primerakoak izan daitezen, Aiako gazte koadrilek «adi-adi jarraitzen eta aktiboki parte hartzen» dute azken hilabeteetan herriko jaietako festa batzordean, eta gustura daude «belaunaldi askok elkarlanean» sortu dituzten jaiekin. «Gustura gaude, festak antolatzerako orduan gazteon iritzia kontuan hartzen baitute. Musika aukeratzerako garaian, esaterako, gure esku uzten dute aukeraketa. Festa batzordeko bileretan parte hartzen dugunez jakin badakigu zein aurrekontu dugun, eta horretara egokitutako musika taldeak ekartzen ditugu». Gazteen iritziz, «giro ona eta koadrilen parte hartzea» sustatzen duten festak izaten dira arrakasta izaten dutenak. «Zenbaitek pentsa dezake azken uneko musika taldeak direla festa giroa jartzen dutenak, baina gure iritziz ez da horrela. Mota horretako taldeek ordu bete, gehienez bi orduko kontzertuak ematen dituzte. Aian, berriz, nahiago izaten ditugu 22:00etan hasi eta goizaldera arte plaza inguruan giroa jartzen duten erromeria edo berbena taldeak». Modu horretan, askotariko giroa aurkitu daitezke Aian parrandan: egungo musika eskaintzen duten taberna giroa, eta dantza egin eta saltoka eta brinkoka aritzeko betiko musika. Jaietarako prestatuz Kaodrilen parte hartzea festa arrakastatsuen giltza dela jakinda, iaz lehen aldiz San Donato eta San Lorentzo jaien aurretik koadrilen festa antolatu zuten herriko gazteek. Pasa den urtean izan zuen arrakasta ikusita, asteburuan ospatu dute jaia, eta «gustura» dira emaitzarekin. «Aitortu behar dugu iaz jende gehiago animatu zela festan parte hartzera. Bazkari herrikoia egin genuen frontoian, eta gazteak eta familiak etorri ziren. Paella lehiaketa eta jokuak ere antolatu genituen. Egun osoko festa izan zen, eta giroa ezinhobea izan genuen». Aurten, berriz, parte hartzea txikiagoa izan da. «Gazteak bildu gara nagusiki afarian». Izan ere, Aiako Pala Txapelketako finalak jokatu zituzten larunbatean herriko frontoian, eta ezin izan zuten egun osoko festa antolatu. «Iluntze gau parteko jaia izan zen; San Donato eta San Lorentzo festetarako prestatzeko aukera aproposa, alegia». Afari legea egiteko bildu ziren koadrilak pilotalekuan, bakoitza bereizgarri bat soinean zeramala. Bertan afaldu, eta ondoren festa eta parranda giroa izan zen herrian. «Azken asteetan koadrilen festaren inguruan hitz egin dugu sare sozialetan, eta horrek emaitza eman du, beste herrietako jende ugari bildu baitzen larunbatean Aian parranda egitera», adierazi dute gazteek. Hamarkadetan zehar festak aldatuz joan badira ere, Aiako jaiek xarma berezia mantentzea lortu dute, eta urtea zehar Aiara igotzen ez diren herritarrek ere, San Donato eta San Lorentzoak egutegian gorriz markatuta izaten dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide