Aitor Zabaleta pilotu bergararra izango da faboritoa Aiako Igoeran

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko maiatzaren 23a

Aiako Igoeraren aurkezpena, atzo iluntzean, Andatza auzoko Uhartumuño Elkartean. (Aiora Larrañaga/Hitza) Seigarren urtez Aiako Igoera jokatuko da larunbat arratsaldean Andatza auzoa eta Aiako herrigunearen artean, eta aurreko edizioetan bezala, jendetza espero dute antolatzaileek. «Maila txukuna izango dugu igoeran, eta ikuskizun politaz gozatzeko aukera izango da», azaldu dute Lagun Artea Eskuderia eta Uhartumuño Elkarteko kideek. Aiako Igoera Mendiko Euskal Txapelketako bigarren proba puntuagarria izango da, eta antolatzaileek adierazi dutenez, Aitor Zabaleta bergararra izango da faborito nagusia plaza bakarreko autoetan. Izan ere, Zabaleta gaur egungo Mendiko proben Euskal Herriko txapelduna da, eta Aiako Igoerako azken lau edizioetan lehen postuan sailkatu da. 2010ean, fgainera, errekorra jarri zuen 1:54:654 denbora eginez Lola BMW autoarekin. Turismoei dagokionean, lehia estua ikusteko aukera izango dela azaldu dute antolatzaileek; Aitor Ramirez, Ander Learreta eta Gorka Eizmendi pilotu aiarrak lehen postua eskuratzeko aukerak baitituzte. Eizmendi denboraldi txukuna egiten ari da eta ondo baino hobeto ezagutzen du ibilbidea; beraz, igoera txukuna osatzeko asmoz parte hartuko du etxeko igoeran. Auzotarren lan garrantzitsua Uhartemuño Elkarteko kideak izango dira Aiako Igoeraren antolaketan eta segurtasunaren kudeaketan parte hartuko dutenak. «Eskerrak eman nahi dizkiet Uhartumuñoko kideei. Izan ere, Aiako bezalako herri txiki batean, mota honetako proba bat antolatzea ezinezkoa izango litzateke herritarren laguntzarik gabe. Aiako Igoera seigarren urtez egingo bada, euren lanari esker izango da» azaldu du Aiako alkate Igor Iturainek. Igor Iturain Aiako alkatea ageri da erdian (Aiora Larrañaga/Hitza) Uhartumuñoko kideek proba ikustera joaten diren zaletuei segurtasun neurriak errespetatzeko «eta zinta gorriarekin markatutako guneetan ez jartzeko» eskatu diete. «Gainera, bideko komisarioek emandako aginduak ere bete ditzatela eskatu nahi diegu ikusleei, proban zehar inolako gora-beherarik izan ez dadin» azaldu dute. Bestetik, garbitasunaren garrantzia ere nabarmendu dute. «Garrantzitsua da ikusleek ibilbidearen inguruko zelaiak eta baserritarren lurrak errespetatzea, proba amaituta izango bada ere, baserritarrek beharko dituzte-eta astelehenean», azaldu du Iturainek. Informazio praktikoa
  • Egitaraua:
- 10:00etatik aurrera, egiaztapen teknikoak eta administratiboak egingo dituzte Andatza auzoan. - 15:30ean hasiko da igoera. Entrenamendu txanda bakarra dago aurrikusita. Ondoren bi txanda ofizial jokatuko dituzte.
  • Sarrera: 10 euro kostako da sarrera.
  • Parte-hartzaileak: 45 pilotuk parte hartuko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide