Orioko emakume taldeak txapelketan parte hartuko du (Urola Kostako Hitza)
Egitaraua
Aia
Maiatzaren 11, larunbata.
- 22:00etatik aurrera Aiako probalekuan Bizi Iturri Emakume Proba jokatuko dute Orio, Ergobia eta Ibarrako emakume taldeek.
Maiatzaren 12a, igandea.
- 10:00etatik 14:00etara Asentzio Azoka izango da.
- Eguerdian, baserriko ofizio erakusketa eta bertako produktuen dastaketa izango da.
- 17:30etik aurrera herri kirol jaialdia antolatu dute. Aiako Harri Berezia harri-jasotze txapelketa jokatuko da.
- Ondoren, Laja II eta Unai Narbaiza trikitilariak oholtza gainera igoko dira.
Asteburu osoan zehar euskal jai giroa izango da protagonista Asentzio Jaien baitan Aian eta Zestoako Endoian auzoan.
Aurtengoan larubat gauean jokatuko den Bizi Iturri Emakume Proba Saria izango da Asentzio Feriako hitzordu garrantzitsua Aian. Urtero bezala, hurrengo egunean, igandean, azoka, baserriko lanbideen erakusketa eta bertako produktuen dastaketa egingo dituzte.
Oriotarrak prest
Herri kirolak atsegin dituztenentzat larunbat gaueko emakume proba galdu ezineko hitzordua izango da. Izan ere, azken urtean buru-belarri prestatzen ari diren hiru emakume taldek nork plaza gehiago egin lehia jokatuko dute. Orioko emakume taldeko Idoia Etxeberriak azaldu duenez «gustura» daude larunbateko hitzorduarekin. «Berria da guretzat. Orain arte jendaurreko erakustaldiak egin baditugu ere ez dugu txapelketarik jokatu. Ibarrako taldea berriz soka-tira taldea da eta giza proban lehen norgehiagoka badute ere, talde bezala esperientzia dute».
Oriotarrak zortzikoa osatzeko justu-justuan ibili dira, «lagun bat falta baitzitzaigun. Dena dela, ondo hartu dugu elkar eta gogotsu gaude». Aurkarien mailari dagokionean, Ibarrako eta Ergobiako taldeak indartsu daudela aitortu du Etxeberriak. «Norgehiagoka polita ikusteko aukera izango da».
Baserri giroa ferian
Nekazal eta baserri giroko usadio zaharrei eutsiz, azoka egun garrantzitsu izango da igandekoan Aian. Goizean zehar, baserriko produktuen eta lan tresnen postuak bisitatzeko aukera izango da; besteak beste, barazkiak, fruta, gazta, eztia, ogia, gozogintza, loreak, ardoa eta bestelakoak erosteko. Azoka guztietan bezalaxe, honetan ere ez da ganadu faltarik izango. Era berean, hegaztiak eta animalia bitxiak ere jarriko dituzte erakusgai.
Eguerdi partean, azokarekin bat eginik, belar motak nola egiten diren erakutsiko dute aparkalekuan. Plazan, berriz, sabela ongi betetzeko abagune paregabea izango dute bertaratzen direnek. Izan ere, eukal baserriko oilasko eta txerri pintxoak eta sagardo nahiz txakolin dastaketa egongo da.