Ikastaroak:
Oinarrizko ikastaroa, Internet bidez lana bilatzeko (36 ordu).
- Lana bilatzeko teknikak
(6 ordu).
- Lana bilatzeko teknologia berrien inguruko oinarrizko ikastaroa (24 ordu).
- Lana lortzeko aukerak hobetzeko gaitasun eta trebetasunak lantzea (6 ordu).
Enplegurako informazioaren eta ezagutzaren (IKT) teknologia berriak (30 ordu).
- Lana bilatzeko teknikak (6 ordu).
- Lana bilatzeko ofimatika, Google tresnaren eta sare sozialen ikastaroa (18 ordu).
- Lana lortzeko aukerak hobetzeko gaitasun eta trebetasunak lantzea (6 ordu).
IKT teknologiak sustatzaileentzat (36 ordu).
- Ekintzaileentzat ofimatika, Google tresnen eta sare sozialen ikastaroa (24 ordu).
- Ekintzailetza (2 ordu).
- Lana lortzeko aukerak hobetzeko gaitasun eta trebetasunak lantzea (6 ordu).
Azken urteetan langabezia tasa gora egiten ari zela ikusita Aiako Udalak langabetuen inguruko ekimenen bat martxan jartzeko beharra antzeman zuen. «Kualifikazio maila baxua duten langabetuen datuak kezkatzen gintuen», azaldu zuen atzo Igor Iturainek, Aiako alkateak, prentsaurrekoan. Eta hortik abiatuta, erakundeen arteko elkarlana sustatzea ezinbestekoa iruditu zitzaion Aiako Udalari. «Erakunde bakoitzak bere tresnak eta baliabideak ditu, eta askotan bakoitza geurean oinarritzen gara, ondokoak zer eskaintzen duen eta indarrak batuta zer lor daiteken kontuan hartu gabe. Baina krisi garai honetan herritarren onerako elkarrekin lana egiteko garaia iritsi dela uste dugu».
Aiako alkate Igor Iturain eta Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Amaia Guruzeta. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Egoeraren larritasuna ikusita, Aiako Udala Urola Kostako Udal Elkartearekin, Lanbiderekin eta KZguneko Plangintza Arloarekin harremanetan jarri zen, lehen aldiz ekimen bateratua abiatzeko. Horrela sortu duten Prestatu lanerako ekimena.
Teknologia berrien garrantzia
Iturainen esanetan, kualifikazio maila baxua duten pertsona askok «zailtasunak» izaten dituzte lana bilatzeko tresnak erabiltzeko. «Bereziki teknologia berrien haritik sortu eta nagusitzen ari diren tresnak erabiltzeko», zehaztu zuen. «Ondorioz pertsona horientzat ezinbestekoa da arlo horretako prestakuntza jasotzea, eta lana lortzeko aukerak hobetzea, bestela lan merkatuan lehiatzeko aukerarik gabe geratuko baitira». Iturainek egun zenbait herritarrek bizi duen egoera deskribatzeko garai zaharrak ekarri zituen gogora. «Garai batean idazten eta irakurtzen ikastera joaten zen jendea eskolara. Orain, berriz, teknologia berriak erabiltzen ez jakitea irakurtzen eta idazten ez jakitea bezalakoa bihurtu da. Egoera horri irtenbidea eman behar diogu erakundeek, ahal dugun neurrian», azaldu zuen.
Horretaz gain, kualifikazio handiagoa duten herritarrentzat ere ekintzailetza ikastaro bat antolatu dute.
Toki mugatua
Prestatu lanerako ekimena aurkezteko informazio saio bat egingo dute maiatzaren 7an, 10:00etan Aiako udaletxean. Bertan, ikastaroetan parte hartzeko interesa duten pertsonek teknologia berrien inguruan zenbaterainoko ezagutzak dituzten jakiteko, galdetegi bat bete beharko dute, eta emaitzen arabera osatuko dituzte taldeak. Antolatzaileek zehaztu dutenez, plazak mugatuak izango dira, eta eta esleitzerako orduan kontuan hartuko dute eskatzaileen adina eta langabezian daramaten denbora. Ikastaroetan parte hartzeko ezinbestekoa izango da aiarra izatea eta Lanbiden langabetu gisa erregistratuta egotea.