Berrikuntzak
Mintegiak
- Barnhaven (Frantzia). Primula eta Helleborus bildumak ditu.
- Cannebeth (Frantzia). Bougainvillea eta Lantana bildumak ekarriko ditu.
- Côte Sud des Landes (Frantzia). Bildumak zuhaitz eta zuhaixka aukera zabala du.
- Roses Anciennes du Jardin de Talos (Frantzia). Antzinako larrosen bilduma aurkeztuko du.
- Sala Graupera (Herrialde Katalanak). Mediterraneoko eta hego hemisferioko landareen bilduma ekarriko du.
- Thierry Duval (Frantzia). Uretako eta zingiretako landareen bilduma du.
Landare Berezien Azokan beste landare saltokietan izaten ez dituzten landareak aurkitu daitezke. (Leire Ventas/Hitza)
Landareak atsegin dituztenek urteko hitzordu garrantzitsuena gertu dute: apirilaren 27 eta 28rako antolatu dute Landare Berezien XI. Azoka, Pagoetako Parke Naturaleko Iturrarango lorategi botanikoan. «Landare Berezien Azokara hurbiltzen diren bisitariek bestelako garden center eta ohiko mintegietan aurkitzen ez dituzten landareak eskura ditzakete», azaldu dute antolatzaileek. Horregatik, landare ekoizleen, sektoreko profesionalen eta landare ekoizleen elkargune garrantzitsua izaten da azoka. Aurtengoan, gainera, inoiz baino mintegi gehiago bilduko dira Iturraranen; zehazki, 49 mintegitako ordezkariek jarriko dute postua bertan.
(Leire Ventas/Hitza)
Landare azoka «erreferentea»
Pagoetako Parke Naturalaren helburuetako bat «landaretzaren kontserbazioa eta aniztasuna» sustatzea izan da hasieratik. Ildo horretatik, 2003 geroztik udaberrian egiten den Landare Berezien Azoka «erreferente» bihurtu da. «Landare azoka berezia da, mintegizale espezializatuak biltzen dituelako, eta Euskal Herri eta Espainiako Estatuan maila horretan egiten den bakarra delako. Hasieratik azokaren helburu nagusietako bat bertako mintegizaleak landare berriak egitera animatzea izan da, horrela merkatua bertan ekoiztutako landare berriekin aberasteko», adierazi dute antolatzaileek.