Larrialdi zerbitzuak emakumearen bila dabiltza.
Asteazken arratsaldean Aian desagertu zen emakumea hilik aurkitu zuten atzo eguerdian bilaketa lanak egiten ari ziren erreskate taldeek. Ertzaintzak jakinarazi duenez, bere baserritik hiru kilometro ingurura aurkitu zuten emakumearen gorpua, Asteasurako norabidean, 14:30ak aldean. Zendua M.J.A.I. da, 57 urtekoa, eta Aiako bizilaguna zen. Ez dituzte heriotzaren arrazoiak edo hipotesia jakinarazi.
Antza denez, asteazken arratsaldean, 18:00ak aldera, sumatu zuen familiak emakumearen falta, baina Zarauzko Ertzainetxean iluntzeko 22:00etan jaso zuten deia. Ertzaintzatik adierazi dutenez, berehala antolatu ziren taldeka bilaketa hasteko. Aiako baserri ingurutan nahiz mendi pistetan eta Asteasu aldean aritu ziren bilaketa lanak egiten gau partean, txakur eta guzti, goizeko 04:00ak aldera arte. Bilaketa taldeetakoek emakumea aurkitu ez zutenez, atzo 08:30ean berriz ekin zioten bilaketari.
Bilaketa, taldeka
Goizeko 07:00ak inguruan Aiako herrigunean elkartu ziren Larrialdi Zerbitzua osatzen duten eragileek, eta bertan erreskate taldeak antolatu ondoren galdutako emakumearen baserri ingurura abiatu ziren, hori hartu baitzuten operazio-base.
Atzo goizean goizetik emakumearen senarra eta bi semeak baserri atarian izan ziren bilaketaren nondik norakoak adi-adi jarraitzen. «Benetan kezkatuta» ziren familiakoak emakumeari gertatu ziezaiokenaren aurrea. Aiako alkate Igor Iturain eta Aiako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduradunak ere baserrian izan ziren, familiari laguntzen eta bilaketa gertutik jarraitzen.
Denera sei taldez osatutako bilaketa abiatu zuten atzo. «Baserria ardatz hartuta abiatu dugu bilaketa. Lau zatitan banatu dugu ingurua, baserriaren eskubi aldea eta ezker aldea eta goiko aldea eta beheko aldea, dena miatzen aritu gara. Eremu bakoitzean talde bat dabil. Bosgarren taldeak txakurren laguntzarekin egin du bilaketa eta etxearen ingurua arakatu eta ezer aurkitu ez dutenez, beheko aldean dagoen pinudian sartu dira», azaldu zuen bilaketaren koordinatzaile Jose Antonio Fernandez Eusko Jaurlaritzako Larrialdi Zerbitzuko arduradunak goiz aldean. Seigarren taldea baserritik Asteasurako errepidea eta ingurua arakatzen aritu zen, eta mendiko errepideetan nahiz mendian zehar aritu ziren desagertutako emakumearen bila. «Errepidetik erori eta zelaian behera joateko arriskua badago eta horrelakoetan gertutik miatzen ez bada ezin izaten da aurkitu galdutako pertsona landareriaren ondorioz».