Azken ikasturtea, Andatzako Eskolan

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko urtarrilaren 30a

Andatzako Eskolako haurrak zentrotik ateratzen. (Aiora Larrañaga/Hitza) Haurrek bizitasuna eta poztasuna ematen diote herri edo auzo bati», adierazi du Andatzako Eskolako guraso batek. Eskola bat dagoen tokian ohikoa izaten baita umeak baloiarekin jolasean, pelotan edo korrika aurkitzea, barre algara eta oihu artean. Eskolarik gabe auzoa «triste» geratuko dela jakin badakite Andatza Eskolako gurasoek. Izan ere, ikasturtez ikasturte Andatza Eskolako ikasle kopurua gutxituz joan da, eta datorren ikasturtean ateak itxi beharko ditu. Triste agertu da bazkalorduan seme-alabak jasotzera joan den guraso bat ere: «Pena handia ematen digu Andatzako Eskola ixteak. Familia giroan hezten dituzte haurrak, eta hori eskola handiegoetan aurkitzea ezinezkoa izango dela uste dugu. Gainera, gure seme-alabak hemen izan duten arreta pertsonalizatua lortzea ere oso zaila izango da 20 haurrez osatutako gela batean». Horretaz gain, Andatza auzoarentzat ere «kolpe handia» izango dela uste dute, eskolarik gabe orain baino zailagoa izango baita eguerdi eta arratsalde partean haurrak jolasean aurkitzea. Egun, hamar haur Andatza Eskolako zuzendari Eva Tousidok azaldu duenez, eskolako matrikulak murritu egin dira ikasturtez ikasturte. «Gaur egun 10 haurrek ikasten dute Andatzako Eskolan. Gainera, horietatik lau datorren urtean institutura joango dira. Horrek eskolaren etorkizuna zaildu egiten du. Izan ere, egun umeak baldin badaude ere, auzoko jaiotze tasa kontuan hartuta, etorkizunari begira ez da eskolak aurrera jarraitzeko nahikoa haur izango denik aurreikusten», zehaztu du. Eskola ixteko arriskua bazela jakin bazekiten eskolako arduradunek. «Azken urteetan ikusten genuen matrikulazioari begiratuta beherakada gertatzen ari zela, eta jakin badakigu haurrik ez badago eskolak ezin duela aurrera jarraitu», dio Tousidok. «Duela bost urte, esaterako, hogei haur inguruk ikasten zuten Andatzako Eskolan, eta ikasle kopuru horri eutsi izan bagenio, aurrera jarraitzeko aukera izango luke eskolak». Gaur egun, berriz, haur gutxi izateaz gain, «adin batetik bestera hutsune asko ditu eskolak, maila askotan ez baitago haurrik eta matrikula ez da nahikoa» adierazi du. Gurasoak eskolaren alde Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak hainbat irizpide hartzen ditu kontuan Eskola Txikiak zabalik mantentzea erabakitzerakoan; «taldekatze pedagogikoak, haur kopurua, matrikulazioa, etorkizuna eta eskolaren egoera, besteak beste», azaldu du Tousidok. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak irizpide horiek kontuan hartuta, Andatza Eskolaren balorazioa egin zuen, eta gurasoekin bilerak egin zituzten etorkizunaren berri emateko. Iaz, ekainean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkariak Andatza Eskolako gurasoekin bildu ziren, zentroa ixteko asmoa azaltzeko. Eskolako Guraso Elkarteko kideek hala jakinarazi dute: «Hasiera batean eskola ekainean itxiko zutela adierazi ziguten. Ezustean harrapatu gintuen albisteak, eta haserretu ere egin ginen. Udalarekin hitz egin, eta egun batetik bestera ezin zutela itxi pentsatuta, beste ikasturte batez irekita mantentzeko eskatu genion Hezkuntza Sailari». Dena dela, Andatza Eskola bizirik mantentzeko Guraso Elkartearen borroka ez da nahikoa izan. «Auzoan haurrak jaiotzen badira ere, guraso askok Zarauzko eskoletara eramaten dituzte seme-alabak. Etsi egin dugu. Hasiera batean15 ikasle inguru izan behar zituen Andatzako Eskolak aurtengo ikasturtean, baina Hezkuntza Saileko ordezkariek zentroa itxiko zutela esan zigutenean, zenbait gurasok ikasturte honetan ere seme-alabak beste eskoletan matrikulatzea erabaki zuen. Gaur egun hamar ikasle inguru ditu eskolak, eta jakin badakigu haur kopuru horrekin oso zaila dela zentroak etorkizuna izatea». Igor Iturain Aiako alkatearen iritziz «pena» da Andatzako Eskola ixtea. «Dena dela, uste dut argi izan behar dugula orain arte pribilegiatu batzuk izan garela aiarrok, gurea bezalako herri txiki batean bi eskola izan baititugu. Azken finean, zenbaki kontua da, umerik ez badago ezinezkoa da eskola irekita mantentzea», adierazi du Itunainek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide