[caption id="attachment_52532" align="alignleft" width="248" caption="Nerea Amilibia artxiboko irudi batean, korrika proba batean (Argazkia: Bittor Mutiozabal)"]

[/caption]
Udazkenean asko izaten dira Euskal Herrian zehar antolatzen dituzten lasterketak. Mendi lasterketa denboraldia amaitu berri da, eta Nerea Amilibia korrikalari airrak emaitza oso onak lortu ditu; azken bi lasterketak, esaterako, irabazi egin ditu. «Oso gustura eta indarrez gainezka nago», azaldu du.
Bestalde, Amilibiak berak jakinarazi duenez, Euskadiko Ehiza Txikien Txapelketa ere irabazi du azken asteetan.
Bi garaipen azken asteetan
Alkortako Igoera jokatu zen Mendaron pasa den larunbatean, eta emakumezkoetan Amilibiak lortu zuen hirugarren urtez txapela. Dena dela, «egun hartan egin zuen hego haizea dela-eta», ez zuen iazko marka hobetzerik lortu. Pasa den astean 25:40 denboran egin zuen 4,7 kilometrotako ibilbidea, iaz baino bi minutu gehiagoan, hain zuzen. Astebete lehenago, azaroaren 17an, Karakateko Igoera irabazi zuen Amilibiak Elgoibarren. 37:02 denbora behar izan zuen ibilbidea osatzeko.
Mendi lasterketa denboraldia amaituta, kros denboraldiari ekingo dio orain aiarrak: «Asteburu honetan kros denboraldia hastekotan nintzen, baina Zarauzko Bikote Mistoen lasterketan ere parte hartu nahi nuen, eta atzeratu egin dut denboraldi hasiera. Egia esan, oso gustura nago eta oso gorputzaldi ona dut».
Ehizean ere txapeldun
Korrika arloan da ezaguna, baina arlo gehiagotan ere lortzen ditu garaipenak. Kakarakateko lasterketaren hurrengo egunean, esaterako, Euskadiko Ehiza Txikiko Txapelketa irabazi zuen Arabako Zambrana herrian. «Hiru pieza bota nituen, eta beste batek alde egin zidan. Oso gustura nago ehiza txapelketetan egin dudan lanarekin; horietan parte hartzen dudan lehen urtea izanda, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak irabaztea lortu baitut».