Aiako kooperatiba plazatik kentzeko proiektuak herrian eztabaida sortu du

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2012ko azaroaren 29a

[caption id="attachment_52466" align="aligncenter" width="350" caption="Lur-Alkartasuna Kooperatiba, Aiako plazan (Aiora Larrañaga/Hitza)"][/caption] Aiako Lur-Alkartasuna Kooperatiba plazatik kendu eta handik 200 metrora lokal berri batean jartzea proposatzen du proiektu batek, eta ondorioz pil-pilean da gaia herrian. «Gizartearen egungo beharretara egokitutako denda bat eraikitzeko proiektua dela esanez aurkeztu du kooperatibako zuzendaritza batzordeak proiektu berria. Baina herritarrek eta erosleek dituzten benetako beharrak zein diren ezagutzeko azterketarik ez da egin. Herriko plaza kooperatibarik gabe geratzea al da Aiak behar duena? Herriko janari denda bakarra plazatik kentzea, alegia», galdegin du herritar talde batek. Plaza, herriko bilgunea Herriko adinekoek gogoratzen dute garai baten ia etxero denda bat zegoela Aian. «Iturri kalean Indianoareneko etxean bazen denda. Razionamendua handik hartzen genuen guk. Blasenean okindegia eta janari denda zegoen. Manuelanean alpargateria, eta Portitxanen janari denda eta ogia saltzen zuten; denda handia zen hura, gainera. Perrotxanen ere denda zen, eta telefonoa bakarra zegoen herri guztiarentzat, estankoan zegoena», azaldu du Aiako adineko herritar batek garai zaharrak gogoratuz. Beste hainbat denda ere egon dira Aian azken mendean. «Mugimendu handia izaten zen orduan kalean, saltsa. Orain denda bakarra geratzen zaigu plaza inguru honetan, gure kooperatiba». Kooperatiba lekuz aldatzeak herran izango lukeen eraginaz jabetuta, Kooperatiba Plazan izeneko taldea sortu du herritar talde batek. «Plaza herrigunea da, herritar askok elkarri egunona ematen diogun lekua da, egunerokoan elkartzen gaituena; nortasuna ematen dio herriari. Uste dugu merezi duela hainbat gauza sakrifikatzeak, zoru bakar bateko eraikin baten egokitasuna edota aparkalekua duen denda, esaterako, herriko denda plazan izateagatik. Gure taldetik eskerrak eman nahi dizkiegu bazkide izan ez, eta eguneroko erosketak koperatiban egiten dituzten herritarrei. Denoi ematen digu zerbitzua kooperatibak, eta denok behar gaitu kooperatibak-eta», azaldu dute taldeko kideek. Kooperatiba Plazan taldeak kooperatiba plazako eraikinean utzi eta etxe hori berritzearen aldeko apustua egin nahi du. «Baina, batez ere, informazio osoa ematea eta proiektuaren xehetasun guztiak mahai gainean jartzea eskatzen diogu Lur-Alkartasunako Zuzendaritza Batzordeari, hau bazkide guztion artean eta estatutuak zehazten duten moduan hartu beharreko erabakia baita». Lur-Alkartasuna Kooperatibako urteko lehen batzordean denda berritzeko premiaren berri eman zien kooperatibako Zuzendaritza Batzordeak bazkideei. «Bi aukera zeudela esan ziguten. Lehena, kooperatiba dagoen tokian uztea; hau da, elkarteak bere jabetzakoa duen plazako etxean uztea, eraikina berrituz. Eta bigarrena, udalarekin trukea egitea. Bigarren horren arabera, udalaren esku geratuko litzateke etxearekin, eta trukean plazatik 200 metrora denda berria egitea. Igerileku eta eskola inguruan jarriko litzateke denda; handiagoa izango litzateke, lokal berri batean egongo litzateke, eta kosturik gabe. Hala esan ziguten», jakinarazi dute. Erabakia, presarik gabe Kooperatibak plazan jarraitzea nahi duten herritarren iritziz oso ondo pentsatu beharreko erabakia da kooperatiba lekuz aldatzearena, eta «ez presaka» hartzekoa. «Abuztuko bileran aurkeztu zuten proiektua, eta une hartan bertan bozkatzeko presa sartu ziguten. Ez dakigu zertarako duen zuzendaritza batzordeak horrenbeste presa! Barrutik sortutakoa baino, kanpotik eta derrigorrean ezarri nahi diguten erabakia dela sentitzen dugu. Denbora eskatzen dugu. Bilera informatibo bat, bi, hiru... behar direnak egitea, serio hausnartuz, eta bazkide bakoitzak bere iritzia osatu dezan. Gainera, bozketa zuzen baten bidez aukeratu behar dela uste dugu; behar bezala egindako bozketa baten bidez, alegia». Egun plazan irekita jarraitzen duen janari denda bakarra da kooperatiba. «Denda berria egin nahi da, baina 90 urte bete berri dituen plazako etxearen jabetza galtzeko arriskuan gaude. Kooperatibaren ondasuna gutxitu egingo da udalarekin trukea egiten badugu. Kooperatibaren ondasuna gutxitzearekin batera, gu denon, bazkide guztion ondasuna gutxituko da. Aiako plaza erdi-erdian etxe oso bat lokal batekin trukatzea ez zaigu bidezkoa iruditzen». Bazkide ororen iritzia Azken hilabeteetan Aian zurrumurru asko sortu dira truke horren atzean dauden interesen inguruan. «Kooperatibako bazkideok abuztuan egin genuen bileran proiektuaren inguruko informazioa eman ziguten, baina ez zen ezer esan denda kokagune berrian jarriz gero, plazako etxearekin gertatuko zenaren inguruan. Uste dugu hori argitu beharra dagoela», azaldu dute Kooperatiba Plazan taldeko kideek. Informazio osoa luze eta zabal eman, bozketa prozesua Lur-Alkartasuna Kooperatibako estatutuek zehazten duten bezala egin, eta bazkideek askatasunez bozkatzeko aukera izatea nahi dute Kooperatina Plazan Taldeko kideek. «Prozesua behar den bezala egin eta gehiengoak kooperatiba tokiz aldatzea erabakitzen badugu, onartuko egingo dugu, gehiengoaren iritzia delako. Baina bazkideei bileretara etortzeko ahalegin berezia egin dezaten eskatu nahi diegu. Kooperatibaren etorkizuna erabakitzeko erantzukizuna denona delako, eta bazkide guztiona eta konpromisoa hartzea behar beharrezkoa ikusten dugu. Ez da haztu behar behin erabakia hartzen dugunean, erabakitakoak ez duela atzera bueltarik izango».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide