Patxi Irarreta errenteriarrak irabazi du Aiako Kintopeko Idi Proba Txapelketa

Urola Kostako Hitza 2012ko aza. 7a, 09:43

Santu Guztien Egunean eta asteburu luzean eskualdeko herritar asko idi probetan murgildu ziren. Aian izan zuten horretarako aukera, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, inoiz baino ikusle gehiago bildu zen Aiako XI. Kintopeko Idi Probetan. Sei eguneko txapelketaren ondoren, azken egunean parte hartu zuen Patxi Irarreta errentariarrak lortu zuen garaipena. Bigarren izan zen Iñaki Oliden oriotarra Enaitz Olidenen omenezko idi parearekin eta hirugarren postua Zubiondo Jatetxeko idi-parearentzat izan zen. «Oso maila ona» Aurtengoan txapelketan parte hartu duten idi-pareen maila nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek. Izan ere, «lehen egunetik 58 plaza inguruko marka jarri zuten. Oso maila altua da hori. Igandean emaitza hori hobetu, eta Iñaki Olidenek 61 plaza, 7 zinta eta 2,70 metroko lana egitea lortu zuen, eta azken egunean Patxi Irarreta errenteriarrak parte-hartzaile guztien lana hobetu, eta 62 plaza egin zituen», azaldu du Aiako Idi Proba Elkarteko kide Paulo Aldalurrek. Orokorrean «punta-puntako» txapelketa izan dela nabarmendu dute antolatzaileek. «Emozioz betetakoa, gainera». Bost idi parek 58 plazatik gorako emaitza lortu dute. «Hasieratik genekien lehia estua izango zela idi pareen artean, orain arte Euskal Herrian zehar jokatu diren txapelketetan horrela izan baita. Aian ere ez dute huts egin, eta lan bikaina egin dute». Patxi Arzadunentzat izan da Aiako lehen idi parearen manta. 300 lagunetik gora Antolatzaileak oso gustura agertu dira aurtengoan kintopeko idi proba txapelketak herritarren artean izan duen harrerarekin. «Aurtengo kintopeko idi probetan parte-hartzaileen aldetik maila paregabea izateaz gain, jende asko hurbildu da Aiako probalekura ikuskizunaz gozatzera». Antolatzaileek jakinarazi dutenez, krisiak ez dituela idi-dema zaleak kikildu eta «orokorrean aurreko urtetan baino jende gehiago bildu da egun guztietan». Dena dela, astelehena izan arren, azken eguna izan zen «ikaragarria, 300 idi dema zale inguru bildu baitziren Aiako probalekuan». Aiako XI. Kintopeko Idi Proba Txapelketa Sailkapena 1.- Patxi Irarreta (Errenteria). 62 plaza- 0 zinta- 0 metro. 2.- Enaitz Olinden (Orio). 61 plaza- 7 zinta- 2,7 metro. 3.- Zubiondo Jatetxea (Zalla). 58 plaza- 7 zinta- 2,23 metro. 4.- Isidro Erretegia (Azkoitia). 58 plaza- 3 zinta- 2,02 metro. 5.- Ekaitz Elorduy (Berango). 58plaza- 2 zinta- 1,20 metro. 6.- Bixkiak (Errezil). 56 plaza- 1 zinta- 0,90 metro. 7.- Etxabe (Aizarnazabal). 55 plaza- 5 zinta- 1,12 metro. 8.- Arzadun (Aia). 54 plaza- 6 zinta- 2,58 metro. 9.- Rafa Alegria (Bermeo). 54plaza- 1 zinta- 1,75 metro. 10.- Muguruza- Iturbaltza (Mungia). 53 plaza- 0 zinta- 0 metro. 11.- Loinaz (Igeldo). 51 plaza- 0 zinta- 0 metro. 12.- Narbasta (Oikia). 50 plaza- 1 zinta- 1,13 metro. 13.- Aratz Oliden (Orio). 49plaza- 7 zinta- 0,68 metro. 14.- Julen Olasagasti (Igeldo). 44 plaza- 0 zinta- 0,62 metro. 15.- Iñaki Lopategi (Birle). 44 plaza- 0 zinta- 0,47 metro. 16.- Jose Mari Iruretagoiena (Aia). 43 plaza- 0 zinta- 2,76 metro. 17.- Egoitz Armaolea (Zumarraga). 38 plaza- 7 zinta- 1,18 metro. 18.- Laski (Birle). 34 plaza- 7 zinta- 0,58 metro.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide