Juan Mari Azkue (Aia, 1955) Aristerrazuko Erromeria Elkarteko kidea d,a eta igandero-igandero Euskal Herri osoan ezaguna den erromeria antolatzen du. 60 urte baino gehiago dituen Aristerrazuko Erromeriaren osasuna izan du hizpide Azkuek Urola Kostako Hitza-rekin.
Aiako Udalarekin lau urterako hitzarmena sinatu duzue. Horrek Aristerrazuko erromeria indartuko al du?
Aristerrazu Erromeria Elkartea sortu genuen duela zenbait urte igandero erromeria antolatzeko, eta laguntzatxo bat izatea beti etortzen da ondo. Duela hiru urte hasi zen Aiako Udala diru-laguntza ematen. Hala ere, orain sinatu dugun hitzarmena oso garrantzitsua da guretzat, bestela Aristerrazu Jatetxeak ordaindu behar baititu trikitilariak. Trikitilariek ere kolaboratzen dutela, gainontzeko saioetan baino diru gutxiagoren truke jotzen baitute.
Jende asko biltzen al da erromerian?
Aristerrazuko erromeriara jendea dantza egitera etortzen da, ez da beste toki batzuetan bezala taberna giroko erromeria. Duela hiru aste hasi genuen denboraldi berria, eta gustura gaude jende mordoxka bildu baita. Beti etortzen den jendeak etortzen jarraitu du, eta tarteka gazteak ere hurbiltzen dira.
Duela hiru urte inguru erromeriaren ordutegia aldatu zenuten. Ondo funtzionatu al du aldaketak?
Hasiera batean 18:30eak inguruan hasten zen erromeria. Pixkanaka-pixkanaka atzeratzen joan zen, eta iritsi ginen 21:30ak 22:00ak inguruan hastera ere. Jendea etorri egiten zen, baina hurrengo egunean lanera joan behar zutenez, dantza pixka bat egin, ordubetetxo bat egon
eta etxera itzultzen ziren. Trikitilari batzuekin bildu ginen, eta berriz ere erromeriari indarra emateko aurreratzea pentsatu genuen. Buelta eman du egoerak, eta oso gustura gaude harrerarekin.
Denboraldi hasierarako egitarau osoa antolatzen al duzue?
Ez, aste pare bateko aurrerapenarekin igandez igande egitaraua osatzen joaten gara. Gure helburua erromeriara etortzen den jendea gustura egotea da. Normalean jendeak izaten ditu gustuko trikitilariak, eta horiek ekartzen saiatzen gara. Trikitilari eskaintza zabala dago, eta denboraldian behin edo bitan etortzen dira. Hala ere, trikitilari sonatuak denboraldian zehar hirutan ere ekartzen saiatzen gara.
Aristerrazuko erromeriak etorkizun oparoa izango al du horrela jarraituz gero?
Oraingoz badirudi martxa onean goazela, baina aurrera begira Aristerrazuko erromeria bizirik mantendu nahi badugu gazteak etortzea ezinbestekoa da, horiek baitira etorkizuna. Gazteak animatu nahiko nituzke igande arratsalde ederra pasatzera Aristerrazuko erromeriara etortzera.