Aristerrazun urteak pasa badira ere, betiko erromeria giroari bizi-bizirik eustea lortu dute. Euskal Herrian ez da beste lekurik garai zaharretan bezala erromeria igandero antolatzen denik. Aristerrazuko erromeria da bakarra, eta horregatik da ezaguna Euskal Herri osoko trikitilari, dantzari eta erromeria zaleen artean.
Urrian abiatzen dute Aristerrazun erromeria denboraldia, eta ekainean, udako festa denboraldia hasten denea,n ematen diote amaiera. Negu partean ere, Aristerrazuko erromeria auzotako festekin bat etor ez dadin, igande batzutan ez da saiorik izaten.
«Inguruko azoetan festak egokitzen direnean ez dugu erromeriarik antolatzen. Hurrengo hiru asteburuetan, esaterako, ez da erromeriarik izango Aristerrazun, sanmartinak direla-eta festak baitira inguruko auzoetan»,
azaldu du Aristerrazuko Erromeria Elkarteko kide Juan Mari
Azkuek. Azaroaren 25ean
ekingo diote berriz erromeria denboraldiari.
Jendea, Euskal Herri osotik
Aristerrazuko erromerira eskualdeko herritarrak ez ezik Gipuzkoa eta Bizkaia osotik etortzen da jendea dantza egitera. «San Pedroko auzotarrak, Aia herrigunekoak eta inguruko baserrietako jendea etortzen da jai giroaz gozatzera; baina kanpotik ere jende asko eta asko espresuki dantzara etortzen da. Azpeititik, Hernanirik, Astigarragatik, Oñatitik, Bera Bidasoatik eta beste hainbat herritatik. Giro polita izaten dugu».
Erromeriazaleek jakin badakite Aristerrazun izaten den giroa aurkitzea oso zaila dela Euskal Herriko gainontzeko plazetan, eta horregatik jotzen dute Aiako auzora igandero. «Uda garaian, herrietako eta auzoetako festak direnean, batetik bestera ibiltzen da jendea, erromeriaz erromeria. Neguan, ordea, Aristerrazun soilik biltzen dira denak batera, eta hau dute gustuko tokia», adierazi du antolatzaileak.
Garai batean, parranda giroa
Aristerrazuko erromeriak 60 urte baino gehiago dihardu bizirik. Erromeria igande arratsaldea jai giroan pasatzeko gunea izaten zen garai batean. «Hasieran auzotarrak biltzen ziren hemen. Duela 40 urte inguru hasi ziren erromeria igandero antolatzen, eta erromeriazaleen artean ospea hartzen joan zen pixkanaka».
Azkue gaztea zenean gazteak biltzen ziren nagusiki Aristerrazuko erromerian. «Giroa desberdina zen. Igande arratsaldea pasatzeko aukera gehiegirik ez zegoen garai horretan, eta jendea ezagutzeko aukera aproposa zen erromeria; bikote asko sortu zen horrela. Dantza eta parranda giroa izaten zen orduan hemen. Neska koadrilatxoak hasten ziren dantzan euren artean, eta mutilak joaten ginen dantza eskatzera. Dantza sueltoa eta heldutako dantza egiten genuen», azaldu du Juan Mari Azkuek.
Betiko doinuak
Gaur egun Aristerrazuko erromeriak dantzarako grina du ardatz, eta dantzari ugari biltzen da igandero. «Dantza egitera etortzen da jendea, eta dantza oso ondo egiten duen adin guztietako jendea biltzen da, baita 60 urte ingurukoa ere». Trikitilariei dagokienean, garai zaharreko estiloko trikitilariak atsegin zaizkie Aristerrazun biltzen direnei. «Izan zen bolada bat trikiti talde batzuk Euskal Herri osoan ospetsu egin, eta gazte jendea erromeriara etortzen hasi zena. Euforia hori pasa zen, eta orain berriz ere lehengo doinu eta piezetara itzuli da erromeria. Senar-emazteak eta bikoteak haurrekin etortzen dira gehienbat, eta dantza egiteko betiko doinuak atsegin dituzte», adierazi du Azkuek.