«Jendeak ez badaki ere, Altxerri ez da kobazulo bakarra, bi haitzulo dira»

Urola Kostako Hitza 2012ko urriaren 11

Astearte iluntzean ireki zuten Aiako kultur etxean Altxerri haitzuloaren inguruko erakusketa. Aranzadi Elkarteak antolatu du, eta Diego Garate (Bilbo, 1976) arkeologian doktorea izan zen haitzuloak gordetzen duen ondare aberatsaren inguruko azalpenak eman zituena. Zer aurkituko dute aiarrek Altxerriren inguruko erakusketan? Altxerriko kobazuloa ezezaguna da, eta erakusketaren bidez haitzuloaren ikuspegi orokorra ezagutzeko aukera izango dute. Hormairudiak ditu erakusketak, eta horietan margolanen eta grabatuen argazkiak eta horien inguruko azalpenak aurkitu daitezke. Nire ustez oso erakusketa interesgarria da asteartean Aiako kultur etxean ireki zutena, eta uste dut bazela garaia ikerlarientzat hain garrantzitsua den Altxerri haitzuloak gordetzen duen ondarea herritarrei erakustekoa. Ondareari dagokionean, Altxerri Ekain eta Santimamiñe kobazuloak bezain garrantzitsuagoa al da? Ekain eta Santimamiñe bezain garrantzitsua edo garrantzitsuago da Altxerri. Irudi kopuruari dagokionean, gainontzeko kobazuloek baino irudi gehiago ditu. Gainera, teknikari dagokionean ere pinturak eta grabatuak aurki daitezke Altxerrin, eta beste haitzuloetan, berriz, ez da ohikoa. Altxerri itxita dago aspalditik, eta herritarrek ez dute bertako ondarea ezagutzeko biderik. Altxerri ezezaguna izatean eragin al du horrek? Haitzulo gehienak itxita daude, eta uste dut garrantzitsua dela kobazuloek gordetzen duten ondarea herritarrei erakustea. Horretarako erreplikak egitea alternatiba egokia da; dena dela, gaur egungo egoera ekonomikoa kontuan hartuta, Ekaiberri moduko erreplika egitea ez da bideragarria. Gainera, Altxerri oso kobazulo handia eta korapilatsua da. Horregatik, Altxerriren erreplika fisikoa egitea ez da aukera aproposena. Dena dela, 3D teknologia erabiliz Santimamiñen egin den moduko erreplika birtuala egitea posible izango litzateke Altxerrin ere. Sekretu asko gordetzen al ditu Altxerrik? Altxerri egoera naturalean mantendu da. Hamar mila urte atzera egiten da bat-batean; hunkigarria da, benetan. Jende askok ez badaki ere, Altxerri ez da kobazulo bakarra, bi kobazulo dira. Altxerriko kobazuloaz gain, goiko aldean galeria bat dago, eta margolan asko ditu. Gaur egun zientzialariok eskilarak jarri baditugu ere, uste dugu aitzinan ezinezkoa izango zela beheko aldetik gora igarotzea. Badirudi goiko galeria kobazulo independentea izan zela, ikerketen arabera goiko galeriako margolanak beheko aldekoak baino askoz zaharragoak baitira. Beheko aldeko margoak Magdalen aldikoak dira duela 13.000 urte ingurukoak; goiko galeriakoak, berriz, orain dela 30-35 mila urtekoak izan daitezke. Goian hezur batzuk ere aurkitu dira, eta duela 29 mila urtekoak direla jakin dugu. Datu horiek argi erakusten dute bi kobazulo independente direna. Altxerrin jenderik bizi izan al zen? Gaur egun ezagutzen dugun sarrera artifiziala da, eta badirudi hortik gertu dagoela sarrera naturala. Dena dela, oraindik inork ez ditu indusketak egin bertan, eta margolan eta grabatuez gain aztarna gutxi aurkitu izan da. Argi dago sarreran aztarnategi bat egongo dena. Margolan eta grabatuetan dibertsitateari dagokionean ere berezia al da Altxerri? Altxerri entziklopedia baten modukoa da. Dibertsitateari dagokionean Europako bost haitzulo garrantzitsuenen artean dago. Izan ere, animali mota asko aurki daitezke bertan. Normalean arte paleolitikoan zaldiak, bisonteak eta oreinak agertzen dira. Altxerrin, berriz, horiez gain, arrainak, erbia, azeria, otsoa, hartza, txori bat eta suge bat ere ikusi daitezke. Paretak ere bereziak ditu Altxerrik, ezta? Altxerrin aitzuloko horma margotu baino lehenago, pareta bera prestatu egiten zuten. Kontua da Altxerriko hormak bustin kolorekoak direla, eta gainean margotzen bada ez da gehiegi nabaritzen. Horregatik, garaiko biztanleek kontrastea lortzeko eta margolanak ikusgarriagoak egiteko paretak harriekin urratzen zituzten, eta modu horretan hormak zuritzea lortzen zuten. Horren gainean margotzen zuten beltz kolorez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide