Gaztaren zaporea ezaguna da. Berezkoa du, berezia. Egungo gaztaren berri bada nonahi, baina nolakoa ote zen antzinakoa? Ematen du galdera horrek ez lukeela erantzunik eduki behar, baina badauka, eta urrutira joan gabe aurki daiteke. Esate baterako, bihar bertan, Aian, Iturraran Parketxean. Garai bateko gazta zaharrak dastatzeko aukera ere egongo da. Beraz, xarma handiko ekimena izango da biharkoa.
Gazta zaharrak berreskuratzeko gaztagilea behar da, eta hori Ramon Lizeaga da. Aiarra bera. Antzinako errezetak atera ditu, eta erakusten dabil. Bihar, Iturrarana joaten direnek aukera izango dute lan horren berri izateko gaztagileari berari galdetuz, eta nola ez, baita dastatzeko ere. 11:00etan hasiko da dastatze gidatuaren baitan Pagoeta Parke Naturalak antolatu duen jarduna. Baina gaztarena ez da jarduera bakarra izango. Aurretik, baserriaren inguruko ofiziozko bisita ere egin ahal izango da, eta baserriaren historia, antolaketa, hainbat lanbide eta bertan ekoizten ziren produktuak ezagutzeko modua ere edukiko du bisitariak. Ondoren egingo dute gazta dastaketa. Bi ordu eta erdiko iraupena izango du.
Bisitari kopurua mugatua da, 50 lagunentzako lekua egongo delako. Helduek 7 euro ordaindu beharko dute, eta 5-12 urte arteko umeek 3.
Udazkenean, ekimen ugari
Biharkoarekin batera, beste hainbat ekimen antolatu du Pagoeta Parke Naturalak. Urriaren 25ean, esaterako, Pagoetako animaliak ezagutzeko aukera egongo da, Jose Mari Plazaola albaitariaren bidez. Urriaren 21an, Iturrarango erlauntzen irekieraren baitan, erleen munduaren inguruko azalpenak emango dituzte.
Azaroan barneratuta, hilaren 3an, Lorategi Botanikoaren jiran ibiliko da bisita. Pako Garin botanikoak emango ditu azalpenak. Urteko azken hilean, berriz, Pagoetako Erroten sekretuen berri jakiteko aukera egongo da, eta ogia nola egiten den ere ezagutaraziko dute, hainbat ogi mota dastatzeko aukera barne dela. Abenduaren 8an izango da bisita hori. Udazken oparoa dator Pagoetatik, ekimen hauekin.