50 urte bete dira Aranzadiko kideek Aian Altxerri kobazuloa topatu zutela. Urteurrenaren aitzakian erakusketa bat zabalduko dute bihar Aiako kultur etxean, 19:00etan. Hitzaldi batekin inauguratuko dute.
Aurrerago ere egingo dituzte ekitaldiak urteurrena dela eta. Azaroaren 15ean, esaterako, Felipe Aranzadi omenduko dute Donostiako Viktoria Eugenian, eta dokumental bat eskainiko dute ondoren.
Goi Paleolitoko Madelein garaiko irudiak aurkitu zituzten haitzuloan 1962an Felipe Aranzadi, Javier Migliaccio eta Juan Cruz Vicuña gazte donostiarrek. Eta Aranzadi Zientzi Elkartearen Historiaurre Saileko orduko zuzendari Joxe Migel Barandiaran antropologo, etnologo eta arkeologoaren laguntzarekin, bertan aurkitutakoak sailkatu eta aztertu zituzten ondoren. Une hartatik bertatik, bestelakoa izan zen haitzuloaren etorkizuna. Haitzulo soil izatetik gizateriaren historia ezagutzeko giltza bihurtu zen Altxerri. 1956an topatu zuten zuloa, auzotarrek.