San Donato eta San Lorentzo jaiak abiatuko dituzte asteburuan Aian

Urola Kostako Hitza 2012ko abuztuaren 2a

Aiarra jai gosez dira. Santio Errekako jaiek Aiako herriguneko San Donato eta San Lorentzo Festak gertu direla aurreratzen dute urtero eta egun gutxi falta dira jai giroa herrian zabaltzeko. Aurten gainera, aste bete iraungo dute,  ssteburuan hasi eta abuztuaren 10a arte jai giroa eta parranda izango dira protagonistak. Herritar guztien gustura Urtero bezala Aiako Jai Batzordeak «hobetzea zaila den egitaraua antolatu du»; musika, kirola, txapelketak, ikuskizunak eta herritarren partaidetza eskatzen duten hainbat ekimen antolatu dituzte. Adin guztietako aiarrengan pentsatuz antolatu dituzte festak; horregatik, haurrek, gazteek, helduek nahiz adinekoek izango dute euren tokia jaietan. Festen egitarauaren aurkezpenean Aiako alkate Igor Iturainek Jai Batzordearen lana goraipatu du. «Urtero bezala eta ez naiz nekatuko, Jai Batzordeko kideek egiten duzuen lana goraipatu nahi dute. Izan ere, gainontzekoek disfrutatu ahal izateko, isilpeko lan asko egiten dute». Zestoan ere sanlorentzoak Zestoan ere San Lorentzo Jaiak ospatuko dituzte abuztuaren 10ean. --------------------------------- San Donato eta San Loretzo Jaien egitaraua Aia Abuztuaren 4a, etzi. - 12:00etatik aurrera poteo herrikoia egingo dute trikitilarien laguntzarekin. Herriko goiko biribilgunean elkartuko dira parte-hartzaileak mozorrotuta. - 14:00etan Paella Lehiaketa hasiko da eta ondoren bazkaria egingo dute. - Bazkaldu ondoren, koadrilen arteko Olinpiadak jokatuko dituzte. - Iluntzean pintxo-poteoa izango da eta ondoren DJ festa. Abuztuaren 5a, igandea. -09:30etik 11:00etara Aiako Bolo Txapelketa jokatuko dute. - 10:00etatik 13:00etara Usokume Tiraketako lehen txanda izango da. - 16:00etatik 18:00etara Usokume Tiraketako bigarren txanda izango da. - 17:30etik aurrera XXI. Pala Txapelketaren finalak jokatuko dira. Abuztuaren 6a, astelehena. - 16:00etan Ping-pong txapelketa hasiko da. - 19:00etan jaiei hasiera emateko txupinazoa botako dute. - Ondoren, kalejira izango da herriko kaletan zehar, buruhandiekin eta Kukulu batukada taldearen laguntzarekin. - 21:30ean herri afaria egingo dute. Izer, Alabier eta Lutxurdio trikitilariak izango dira afaria girotuko dutenak. Abuztuaren 7a, asteartea, San Donato Eguna. - 08:30ean herriko txistulariek diana joko dute. - 10:00etan meza nagusia izango da. - Ondoren, XXXIV. Pilota Txapelketako finalak jokatuko dira. - 16:00etan Mus Txapelketa jokatuko da. - 16:00etatik 19:30era Kiliklon Jaialdia izango da. Bertan haurrek eurentzat prestatutako festaz, antzerkiaz, euskaraokeaz eta puzgarriek gozatzeko aukera izango dute. - 19:30ean kalejira izango da buruhandi eta trikitilariekin. - 22:00etan bestso jaialdia hasiko da. Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Xabi Paia, Amets Arzallus, Iker Zubeldia eta Julio Soto bertsolariek parte hartuko dute bertan. Gai jartzailea Sebastian Lizaso izango da. - Gaur erditik aurrera erromeria izango da Fun & Go musika taldearekin. Abuztuaren 8a, asteazkena. - 08:30ean herriko txistulariek diana joko dute. - 11:00etan haurrentzat txirrindulari lasterketa eta haur jolasak egingo dituzte. - 17:00etan Poxpolo eta Konpainia pailazoen emanaldia izango da. - Ondoren, Gorritiren animaliekin jolasteko aukera izango dute haur eta gaztetxoek. - Ondoren, kalejira izango da herriko kaletan zehar, buruhandiekin eta trikitilariekin. - 20:30etik 21:30era Egan musika taldeak kontzertua emango du. - 22:00etan Harribil Dantza Taldeak Argi Ilun ikuskizuna eskainiko du. - Ondoren, Egan taldeak kontzertua jarraituko du gau erdira arte. Abuztuaren 9a, osteguna. - 08:30ean herriko txistulariek diana joko dute. - 11:30ean Toka Txapelketa irekia eta sardina jana egingo dute. - 16:00etatik 19:30era, gaztetxoentzat gaztelu puzgarriak antolatu dituzte. - 19:30etik kalejira izango da buruhandiekin. - Gaur erdian karroza aterako dute. - Ondoren, Abiba DJ taldearekin dantzaldia izango da. Abuztuaren 10a, ostirala, San Lorentzo Eguna. - 08:30ean herriko txistulariek diana joko dute. - 11:00etan meza nagusia izango da. - Ondoren, pilotari profesionalen partiduak izango dira. Lau terdian Otaegik Belokiren aurka jokatuko du. Ondoren, binakako norgehiagokan Eugi eta Eulatek Chafee eta Galarza VI izango dituzte aurkari. - Eguerdi partean, adinekoei eskainitako bazkaria izango da. - 17:30ean herri kirol jaialdia izango da. Trontza Txapelketa eta harri-jasotze erakustaldia izango dira. - Ondoren, kalejira izango da herriko kaletan zehar trikitilari eta buruhandiekin. - 23:00etan su-ziri festaz gozatzeko aukera izango da. Pirotecnia Zaragozana etxeko su-ziriak botako dituzte. - Jarraian erromeria izango da Loretxu Berbena Belarra musika taldearekin. - 01:00etan traka zaratatsua botako dute jaiei amaiera emateko. - Ondoren, Ingo al deu taldearen eskutik dantzaldia izango da goizaldera arte. Zestoa Abuztuaren 10a, ostirala, San Lorenteko Jaiak. - 11:00etan meza ospatuko da. - 12:00etan umeentzat entzierroa izango da, Gorritiren zezenekin. - Jarraian bazkari herrikoia egingo da. - Bazkal ondorako herri kirol jaialdia antolatu dute. Asto proba, ahari jokoa eta aizkora erakustaldia izango dira. - Egun osoan zehar trikitilariek herriko kaleak girotuko dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide