Aian «zabor-fardoen biltegiak» ez jartzea onartu du udalak

Urola Kostako Hitza 2012ko uztailaren 12a

Aiako Udalak herriko harrobi eta meategiak «estabilizatutako zarbor-fardoen biltegi kontrolatu» izan ez daitezen mozioa onartu du, Gipuzkoako Foru Aldundiak hondakinen kudeaketaren inguruan aurkeztu duen egitasmoaren harira. Izan ere, proiektuak «hondatutako guneak berritzeko eta berreskuratzeko» zabor-fardoen biltegiak sortzea jasotzen du, eta horren aurka azaldu da udalbatza; hala nola, alkateak ahalmena izango du Aiako harrobi eta gune degradatuetan ezarri nahiko lituzteken plan eta araudien aurrean alegazioak aurkezteko, herrian hondakinen «isurketa eta lurperaketa» ekiditeko asmoz. Horrez gain, Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariari eskatu diote aurreikusitako epeen barruan ixteko Zarauzko Urteta zabortegia; era berean, eskualdean beste zabortegirik ez irekitzeko egin beharreko urratsak egin ditzan aldarrikatu dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztu duen planak, besteak beste, 2014rako zabortegiak ixtea aurreikusten du; halaber, birziklatu eta konpostatu ezin daitekeen materiala lurperatzeko asmoa dute. EAJren aldeko botoekin onartu dute mozioa; Bilduk mozioari, berriz, ezezkoa bozkatu dio. Honen arabera, neurriarekin erabakitzeko «ahalmena» udaleko pertsona batek bakarrik du. «Parte hartzearen kontrako eraso zuzena da; ez da herriaren ordezkaritza zabala errespetatzen gai honetan». Halaber, errauste planta eginez gero ere zabortegiak beharko liratekela adierazi du koalizioak, bertako «errauts toxikoak» gordetzeko. Bilduk uste du mozioa hondakinen kudeaketa «berrituaren» aurka egiteko «beste adibide» bat dela, eta honen «sinesgarritasun falta» salatu du. Izan ere, azken urteetan herriko hainbat auzotan «ur zikinen isurketak» jasaten dituztela adierazi du koalizioak, eta, Bilduren iritziz, arazo horiek ekiditea ez da udalarentzat «premiazkoa».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide