Aiako igerilekuak zabaldu dituzte gaur

Urola Kostako Hitza 2012ko ekainaren 15a

Aiako udal igerilekuak zabaldu dituzte gaur, eta irailaren 16ra bitartean izango dira zabalik. 11:00etatik 20:00etara bitartean erabili daitezke igerilekuak, eta hamabost urte bitartekoek lau euro ordainduko dute; gainontzekoek, berriz, bost eurotan izango dute sarrera. Era berean, 17:00etatik aurrera joaten direnek bi eta hiru euro ordainduko dituzte, hurrenez hurren. Udalak hilabete baterako eta hiru hilabetetarako bonoak ere jarri dituzte; herrian erroldatuta ez dauden 15 urte bitartekoek 20 eurotan izango dute hilabeteko bonoa; hamasei urtetik gorakoek, berriz, 30 euro ordainduko dute. Hiru hilabetetako bonoei dagokienez, Aian bizi direnek merkeago izango dute; hala, zazpi urte artekoek 12 euro ordainduko dute; zortzitik hamabost urte bitartekoek, berriz, 15 euro ordainduko dute, eta gainontzekoek 25 euro. Bestetik, herrian erroldatu gabe daudenek 20 euro ordainduko dute hiruhileko bonoa, hamabost urte edo gutxiago baldin badute; gainontzekoek, 30 eurotan izango dute bonoa. Horrez gain, udalak hainbat beherapen eskainiko ditu; jubilatuek, pentsiodunek eta langabetuek erdi prezioan izango dute sarrera; halaber, gutxienez hamar pertsonako taldea osatzen dutenek ere hala ordainduko dute; horretarako, ordea, alkateari egin beharko zaio eskaera. Orioko herritarrek, berriz, Aian erroldatuta ez daudenen bonoetan %30eko deskontua izango dute. Igerilekuaz gain, taberna zerbitzua ere jarriko dute egunero, 11:00etatik aurrera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide