Mehatxupean dauden landareen eremua zabaldu dute Iturraran parkean

Urola Kostako Hitza 2012ko ekainaren 8a

Aiako Iturraran parke botanikoan landare mehatxatuen gune berezia inauguratu dute goizean. Euskal Herriko 89 landarez osatutako eremua aurkeztu dute Jon Uriguen Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismoko diputatuak, Paco Garin landare alorreko teknikariak eta Iturrarango lorategiaz arduratu denak eta Jon Zulaika Gipuzkoako Foru Aldundiko Natur Inguruneko teknikariak. Zulaikak adierazi du gune berriaren helburua ez dela "aparteko lorategia" egitea, eta horien bizirautea sustatzeko programa baten "hastapena" dela adierazi du. "Aldundiaren funtziotako bat da espezieak babestea; hori bete ahal izateko garatu dugu gunea". Hori guztia Fraisoro ingurumen eta nekazaritza laborategia eta Arizmendiko mintegiaarekin batera eraman nahi dute aurrera. Zulaikak adierazi du landare horiek desagertzeko "benetako arriskua" dutela. Hori saihesteko Fraisoron germoplasma landareen genean biltzen duten bankua dagoela adierazi du teknikariak. Egitasmo osoa osatzeko, ordea, "pedagogia eta dibulgazioa" landuko duen eremua sortu dute Iturraranen; "landareak bizirik dauden benetako bilduma izatea lortu dugu, eta eremu honek aukera ematen du bertatik bertara ikustea; hala, landarezaleek guztiak aldi berean ikus ditzake". Ekimenaren bidez, beraz, landare horien "existentzia" aldarrikatu nahi dute, bertaratzen direnek landare horiek "baloratu" ditzan. Urigunek, bere aldetik, Iturrarango parkea goraipatu du, bertan dagoen ondarea "izugarria" delako. Halaber, azken 25 urteetan Garinek egin duen lana nabarmendu nahi izan du; 1984. urtean Iturraran baserria erosi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta ordutik Garinek landareak biltzen eta ekartzen jardun duela adierazi du; egin duen lanarengatik, beraz, omenaldia eskaini diote goizean bertaratu direnek. Garinek, bere aldetik, adierazi du landareen "bilduma onenetakoak" Iturraranen daudela. Mehatxuan dauden landareak aparteko eremu batean finkatu dituzte. Landare larretarrak eta urtarrak banatu egin dituzte, eta azken horietarako hiru putzu egokitu dituzte. Aldundiak adierazi du urtez urte landare kopurua igotzeko asmoa duela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide