Aiako Igoera jokatuko dute bihar arratsaldean, Lagun-Artea taldeak eta Uhartemulo Kultur Elkarteak antolatuta; 15:30ean hasiko da entrenamendu saioa, eta ondoren bi maga ofizialak jokatuko dituzte 50 pilotuk, Andatza auzotik Aiara bitartean. Ohi bezala, bi modalitate izango dira larunbateko saioan; eserleku bakarreko autoak eta turismoak lehiatuko dira, eta lehenengo atalean Aitor Zabaleta da faborito nagusia; azken hiru proba honek irabazi ditu, eta errekorra ere egina du; halaber, egun Mendiko Euskal Txapelduna da Zabaleta. Dena den, Ruben Nogueiras, Aitor Arakistain eta Joseba Iraola ere txapeldun izateko lehiatuko dira biharkoan; antolatzaileen esanetan, gainera, euriak proba "zaildu" dakioke Zabaletari. Turismoen arloan, berriz, Aitor Ramirez, Iñaki Alberdi eta David Ardions gidarien artean "borroka epikoa" aurreikusten dute. Horien arabera, Aiara joango diren ibilgailuak "ikusgarriak" izango dira.
Proba Mendiko Euskal Txapelketarako puntuagarria izango da; goizean, berriz, egiaztatze teknikoak eta administratiboak egingo dizkiete ibilgailuei; proba dela eta, Aia eta Andatza auzoa lotzen dituen GI-3710 errepidea itxi egingo dute 13.30eatik 20.00etara bitartean. Gainontzeko bideak, ordea, irekita izango dira.
Antolatzaileek zaletuei gomendatu diete leku seguruetan jartzera, eta zinta gorria dagoen lekuetan ez egoteko ohartarazi diete; Halaber, bideko komisarioen adierazpenak betetzeko eskatu diote bertaratuko direnei; auto gidariek lortutako denborak eta postuak
www.lagunartea.com eta
www.fotomotor.com helbideetan ikus daitezke; antolatzaileek adierazi dute Euskadi Irratiak ere "jarraipen berezia" egingo diola auto lasterketari.