Euriak Asentzio Azokako ofizioen erakusketa baldintzatu du

Urola Kostako Hitza 2012ko maiatzaren 21a

Asentzio Azoka ospatu dute herritarrek, eta baserritarrek euren jarduera eta produktuak erakusteko aukera izan zuten atzo; hala ere, euriak hainbat ekitaldi oztopatu zituen, eta ekitaldi asko aterpean egin behar izan zituzten; garai bateko ofizioen erakustaldiek hartu izaten dute arreta berezia, baina laien erakustaldia bertan behera geratu zen, babarrunak hilerri ondoko zelaietan landatzekoak baitziren. Beste erakustaldia artilearekin egin zuten; herritar ugariren begiradapean, Aiako bost emakumek koltxoia egin zuten artilearekin, duela hamarkada batzuk arte artileak baserrian zuen erabilera erakusteko asmoz. Tartean, Arantxa Eizmendi aritu zen horretan. 'Urola Kostako Hitza' egunkariak Eizmendiren elkarrizketa argitaratuko du bihar. Antolatzaileek, bere aldetik, Asentzio Azokaren balorazio positiboa egin dute; euria egin bazuen ere, pertsona "ugari" gerturatu zen azokara, antolatzaileen esanetan. Askotariko ekitaldiak izan ziren; ofizioen erakustaldiez gain, postu ugari izan ziren han hemenka; eguerdi bitartean, berriz, oilasko eta txerri pintxoak banatu zituzten; arratsaldean, Gipuzkoako Bigarren Mailako Aizkora Kanporaketa jokatu zuten zortzi aizkolarik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide