Asentzio Feria ospatuko dute igandean Aian, baserritarren lana gogoratzeko asmoz. San Isidro festen inguruan antolatu ohi dute egun osoko ospakizuna, eta baserriko garai bateko ofizioen erakusketa egingo dute eguerdian; urtero ofizio desberdinek hartu ohi dute parte, eta aurtengoan laiekin egingo dute erakustaldia; duela hamarkada batzuk arte tresna horiek erabili zituzten baserritarrek landatuko dituzte babarrunak eta artoa, hilerri ondoko lezaietan. Prozesu osoa erakutsiko dute, eta pauso bakotzean emango dituzte azalpenak; izan ere, lehenengo lurra prestatuko dute, eta gero beste erreminta bereziekin, markatu egingo dute eremua. Laiez gain, Aiako emakume talde batek artilea moztuko du, eta garai batean artileak baserrian zer erabilera zuen erakutsiko dute; hala, koltxoiak eta burkoak egingo dituzte.
Baserriko ofizioez gain, azoka egingo dute goizean. Hiru eremutan izango dira postuak; plazan, artisautza eta elikagaiak dastatzeko aukera izango da; aparkalekuan, berriz, bestelako produktuen salmenta izango da, eta kirol gunean animaliak erakutsiko dituzte. 17:30ean, berriz, herri kirolen saioa izango da, eta Gipuzkoako Bigarren Mailako Aizkora Kanporaketa izango da, eta Asentzio Feriari amaiera emateko Laja II.a eta Unai Narbaizarekin erromeria izango da, plazan.