Antxon Agirrezabalaga (Aia, 1983) Euskadiko Plater Tiraketa Kopako txapelduna da, eta Espainiako Txapelketan bigarren postuan geratu da, taldeka egin duen saioan. Urola Kostako Hitza egunkariak bihar argitaratuko du Agirrezabalagaren elkarrizketa osoa.
Zer moduzko saioa egin duzu Euskadiko Kopan?
Hirugarren mailan geratu naiz txapeldun; sailkapen orokorrean, berriz, hirugarren postua lortu dut. Arraten (Gipuzkoan) jokatu genuen txapelketa; 25 plateretako bi serie egin genituen; guztira 50 plater hautsi behar ziren, eta 47 puskatu nituen. Hurrengo hilean, berriz, Euskadiko Txapelketa izango da Irunen (Gipuzkoa), eta orduan ehun plater puskatu beharko ditugu. Hala, bi txapelketetan lortutako puntu gehienak dituzten hiru lagunek Valladoliden (Espainia) jokatuko den Espainia probarako beka izango dute.
Espero al zenuen Euskadiko Kopan lehenengo postua lortzea?
Aurten berandu hasi naiz entrenatzen, baina aurreko txapelketetan nahiko ondo aritu naiz. Asturiasen (Espainia), esaterako, Errege Kopa jokatu genuen, eta nahiko txukun aritu nintzen; hirugarren postuan amaitu nuen. Baina eguraldiak ez zuen askorik lagundu, haizea handia eta ikuspen gutxi zegoelako.