Aiako Landare Berezien Azokaren hamargarren urteurrena izango da asteburuan, eta horren aitzakian, berrikuntza ugari izango dira Iturrarango Lorategi Botanikoan; izan ere, ohiko azokaz gain, Aiako herrigunean merkatu «gehigarria» jarriko dute. Hala, Pagoetako Parke Naturalaren eta herriaren arteko «lotura» sendotzeko asmoz, «ekintza osagarriak» izango dira herrian.
Iturraranen, berriz, ohi baino postu gehiago izango dira aurtengoan; 49 mintegik hartuko dute parte. «Urtero ditugu berrikuntzak, eta beti saiatzen gara ahalik eta landare mota desberdinena eraskusten», diote antolatzaileek; hala, aurtengo berrikuntzen artean, Aian ekoiztutako basafruitu eta zuhaixka jangarri ekologikoak izango dira, Lur Berry izenpean. Antolatzaileek adierazi dute honen helburua «etorkizuneko lorategi jangarriak» bultzatzea dela.
Antolatzaileek jakinarazi dute urtetik urtera mintegi kopurua handitzen joan ohi dela; hala, munduko kontinente guztietako landareak Aiara gerturatzen dira udaberriro, ohiko mintegi edo loredendetan aurkitzen ez diren landareak egoten baitira azokan. Antolatzaileen ustez, horrek egiten du azoka «bereizgarri», eta urtetik urtera «erreferente» bilakatu da egitasmoa.
Pagoetako eta Aiako azokak 10:00etatik 18:00etara bitartean izango dira zabalik; sarrera hiru eurokoa izango da, eta hamabi urtetik beherako haurrek doako sarrera izango dute. Bi egunetarako bonoa ere eskuratu daiteke, lau eurotan. Sarrerak aparkalekuetan erosi ahal izango dira. Ohi bezala, bi aparkaleku jarriko dituzte; bata Aian eta bestea Txurrukan, Orion. Bi puntu horietatik doako autobus zerbitzuak izango dira azoketara. Zarauzko Euskotren geltokitik azoka guneraino ere joango dira autobusak. Halaber, landareak erosten dituztenek ibilgailua utzitako lekura garraiatzeko zerbitzua ere jasoko dute.
Iturrarango Lorategi Botanikoak lau sarrera ditu izatez, baina, aurtengoan, bakarra irekiko dute; antolatzaileak jakitun dira inguruko herrietako pertsona ugari oinez joan ohi dela bertara, baina aurtengoan Iturrarango bidegurutzean dagoen gunetik soilik sartu ahal izango dira azokara.
Landareez gain, ohiko jan-edaneko postuak ere jarriko dituzte Iturraranen; herriako plazan, berriz, hamabost mintegi izango dira. Horietako lau landareen ingurukoak izango dira; hala nola, sasoiko landareak eta lore lehorrak izango dira ikusgai; Ekoguneak, berriz, jasangarritasuna bultzatzeko eta ingurumena errespetatzeko proiektua erakutsiko du.
Askotariko postuak izango dira, ordea; hazi ekologikoak, zizare hazkuntzak, zerealez eta lorez betetako poltsa beroak, eztiak, eta sendabelarrak erakutsiko dituzte, eta hainbat tailer ere izango dira. Igandean, berriz, gaztelu puzgarriak jarriko dituzte.