Aia, Orio eta Zarautz artean Lurraldebusek autobus zerbitzu iraunkorra eskainiko du

Urola Kostako Hitza 2012ko api. 19a, 14:44

Aia, Orio eta Zarautz lotzen dituen Landabus autobus zerbitzua Lurraldebus zerbitzua izango da aurrerantzean. Izan ere, 2008. urtetik martxan zegoen proiektu pilotoari amaiera eman diote Aiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta, beraz, aurrerantzean zerbitzu finkoa izango dute hiru herrietako biztanleek. Astelehenean hasi zen zerbitzu iraunkorra martxan, eta aurrerantzean ere orain arteko autobusa hartuko dute erabiltzaileek. Orain, gainera, erabiltzaileek ez dute zerbitzua eskatu beharrik izango. Ordutegi batzuk mantendu egin dituzte, eta beste batzuk, berriz, kendu. Halaber, Elkano eta Urdaneta auzoetan «momentuz» ez dute izango zerbitzurik. Hala ere, «laster» auzo horietan ere garraio publikoa ezarriko dutela aurreratu du Igor Iturainek, Aiako alkateak. Azken hiru urteetako egitasmo pilotoaren emaitza ikusita hartutako neurria dela adierazi du alkateak.Orain zerbitzua «egonkorra» izango dela nabarmendu du Iturainek, eta zerbitzu «isolatua» izatetik, Gipuzkoako garraio publiko sisteman «integratutakoa» izango dute aurrerantzean aiarrek. Landabus landa guneetako herri txikientzako garraio publikoaren proiektu pilotoa 2008an jarri zen martxan, Aia lehenbizi. Egitasmoa hasiera batean urtebeterako aurreikusi bazuten ere, luzatzen joan da, gaur egunera arte. Iturainek adierazi du azken urteetan «apustu handia» egin duela Aiako Udalak zerbitzuaren alde. Milioi bat euro baino gehiago bideratu dute proiektura, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta beste hainbat erakundeen laguntzarekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide