Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aiako Kirol Elkarteak eta tabernariek Bizi Iturri jaia antolatu dute iganderako, Aiako Udalaren laguntzarekin; horren baitan, lehenengo aldiz Aiako Mendi Lasterketa egingo dute goizean; dagoeneko ehun lagun inguruk eman dute bertan parte hartzeko izena. Beraz, oraindik ere inskribatu daiteke lasterketan, gehienez ere 150 lagunek parte hartu ahal izango baitute. Hala ere, azken egunetan nabarmen gora egin du parte hartze kopuruak. Lehenengoa izanik, aurtengoa «froga» izango dela adierazi dute Aiako I. Mendi Lasterketako antolatzaileek. Halaber, ibilbideko hainbat puntu estuak dira, eta bertan pilaketak saihesteko asmoz hartu dute neurria.
Aldez aurretik izena emanez gero, zortzi euro ordaindu behar da; egunean bertan eginez gero, berriz, hamabi euro ordaindu beharko dute. Internetez eman behar da izena, www.herrikrossa.com helbidean. Hamasei urtetik gorakoek inskribatu ahal izango dute, eta lasterketa ez dute Euskal Herriko Zirkuituaren barruan sartu antolatzaileek.
Mendi Lasterketarekin batera, Aiako I. Babarrun Eguna ospatuko dute igandean. Hala, Aian ekoiztu dituzten babarrunak jango dituzte herriko zortzi jatetxetan: Arruti, Jauregi, Kanua, Satxota, Altxerri, Errota, Izeta eta Izarra jatetxeetan egingo dituzte bazkariak. Bertan, Aian ekoiztutako babarrunak sakramentu guztiekin, etxean egindako postrea, kafea eta edaria hartuko dituzte, hamabost euroren truke. Halaber, haurrentzako menu berezia ere prestatuko dute.
Jatetxe bakoitzak 30 lagunentzako menuak prestatuko ditu, eta bazkarietara joateko izena emateko epea hilaren 4ean amaitu zen; hala ere, antolatzaileek adierazi dute hainbat jatetxetan oraindik badagoela lekurik; herriguneko jatetxe guztiak beteta badaude ere, Urdaneta auzoko Izarra jatetxean, Altxerrin, Errotan eta Satxota dagardotegietan bazkaltzeko aukera bada oraindik, eta horretarako 943- 13 09 24 edo 607-23 38 24 telefonoetara deitu behar da.