Aiako Udala 1936ko gerrako testigantzak jasotzen hasiko da

Urola Kostako Hitza 2012ko martxoaren 7a

Aiako Udalak herriko memoria historikoa berreskuratzeko prozesua jarri du martxan, eta horretarako herritarren pasadizoak, bizipenak eta datuak bilduko ditu datozen hilabeteetan. «36ko gerran Aian izan ziren familiako kalteak eta minak plazaratu nahi ditugu, herriak garai hartan bizi izandakoa ezagutarazteko asmoz», adierazi du Igor Iturainek, Aiako alkateak. Hala, ekimenaren bidez, belaunaldi berriek orduko errealitatea ezagutzea eta «historiaren berri eman» nahi du udalak. Bildutako datu guztiekin, berriz, liburuxka bat egiteko asmoa du udalak. «Herrian bizi izandako kontu guztiak bilduta ditugunean, dokumentu grafiko baten jasotzea da gure helburua». Testingantza horiek, ondoren, zabaldu egin nahi dituzte, eta horretarako, liburuxka «ziurrenik» herritarren artean banatuko dutela jakinarazi du Iturainek. Hori guztia aurrera eramateko, Aranzadi Zientzia Elkartearekin hitzarmena sinatu du Aiako Udalak. Duela urte batzuk Aranzadik Eusko Jaurlaritzarekin memoria historikoa berreskuratzeko ituna izenpetu zuen, eta ordutik elkartea dokumentu grafikoak eta elkarrizketak grabatzen ari da. Beraz, Aian ere Aranzadi arduratuko da horretaz. Udalak urte eta erdi inguruko epea izango du memoria historikoa berreskuratzeko plana aurrera eramateko, Iturainek jakinarazi duenez. Bi erakundeen arteko lanak, berriz, memoria historikoa berreskuratzeko sortu duten lan batzordeak egingo ditu. Aiako Udala osatzen duten bi alderdiak —Bildu eta EAJ— eta herritar batzuk dira lan batzordeko kideak. Koordinatzaile lanetan, berriz, Eneko Sanz Aiako Gaztelekuko dinamizatzailea eta historialaria arituko da. Horiek guztiek egingo dute bilketa lana. «Orain hasiko dira memoria historikoa berreskuratzeko fase horretan; lan batzordea osatzen dutenak etxez etxe joango dira, informazioa edota argazkiak jasotzeko, beti ere Aranzadi elkartearen babesarekin». Aiako alkateak adierazi du dagoeneko herritarrekin «lehenenengo hartu-emana» hasi duela udalak, eta herritar batzuk laguntzeko prest daudela gaineratu du. Hala ere, herritarrei ekimenean parte hartzeko deia egin die Aiako Udalak. Horretarako, udal ordezkariekin jar daitezke harremanetan. Hala ere, Aiako Udala jakitun da 36ko gerra bizi izan zutenetako asko hilda daudena; beraz, horien senideek edo ingurukoek ere konta ditzakete haiengandik jasotako pasadizoak. Herritarren kasua, plazara Pasa zen urrian egin zuten 36ko gerrako memoria berreskuratzeko lehenengo saioa; orduan, 1936ko gerran fusilatu zituzten aiarrak, eta, batik bat, garaiko alkate Gabino Alustiza omendu zituen Aiako Udalak. Hori izan zen egungo egitasmoaren «abiapuntua». «Alustizari urteetan egin gabeko aitorpena egin genion. Horri helduz sortu dugu memoria historikoa berreskuratzeko ekimena. Alustizaren pasartea bezala, gainontzeko jendearena ere berreskuratu nahi dugu, horiek ere historiaren zati bat konta dezaten». Iturainek adierazi du Aia ez zela izan «36ko gerrak bereziki kolpatu zuen herrietako bat». Baina orduko familiei «zuzenean eragin» zien gaia izan zen gudua, eta herrian «gertaera ikaragarriak» izan zirela gaineratu du. Horrez gain, alkateak adierazi du hilerri inguruan hobi komunak egon daitezkeela. «Herrian halako kontuak esaten dira, baina ez dago ezer ziurtatuta eta kontrastatuta». Iturainek Alustiza. Orduko alkatea Hernanin (Gipuzkoa) fusilatu zuten, 1936an. Ondoren, bere anaiak tropa frankistekin lan egin behar izan zuela oroitu du Iturainek. «Egun xelebrekeriak dira gertaera horiek, baina garai hartan une mingarriak eta gogorrak izango ziren, dudarik gabe. Halako beste kasu batzuk ere badaude herrian, eta horiek guztiak jaso eta plazaratu nahi ditugu ekimenaren bidez».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide