Aiako Kirol Elkarteak eta herriko jatetxeek "egun berezia" antolatu dute martxoaren 11rako; izan ere, Bizi iturri jaia antolatu dute lehenengo aldiz, Aiako Udalaren babesarekin. Kirolak eta gastronomiak bat egingo dute orduan, Aiako Mendi Lasterketa eta Babarrun Eguna egingo baitituzte estreineko aldiz.
I. Aiako Mendi Lasterketa 11:30ean hasiko da herriko plazan; bertan aritzeko izena emateko epea dagoeneko zabalik da. Izena www.herrikrosa.com atarian eman daiteke, zortzi euro ordainduz. Egunean bertan eginez gero, berriz, hamabi euro ordainduko dute. "Ibilbide motza" izanik, gehienezko parte hartze kopurua 150 lagunekoa izango du aurten; Igor Iturain Aiako alkateak jakinarazi du 30 lagun inguru inskribatu direla.
Ondoren hasiko da Aiako I. Babarrun Eguna. Arruti, Jauregi, Kanua, Satotxa, Altxerri, Errota, Izeta eta Izarra jatetxeetan babarrun jana egingo dute. Antolatzaileek honako menua prestatu dute: Aian ekoiztutako babarrunak sakramentu guztiekin, etxean egindako postrea, kafea eta edaria. Hori guztia 15 eurotan jango dute; haurrentzako, berriz, menu berezia prestatuko dute, eta horiek 8 eurotan izango dute bazkaria. Bazkarira joateko martxoak 4a baino lehen eman behar da izena, 943- 13 09 24 edo 607-23 38 24 telefonoetara deituta.