Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aian San Anton jaiak ospatuko dituzte igandean, eta herri kirol jaialdia egingo dute eguerdira bitartean. Festak Aiako Idi Proba Elkarteak antolatu dituenez, idi probek ez dute huts egingo. Aaurtengoan, baina, proba «berezia» izango da. Azken 25 urteetan mugitu ez duten harria erabiliko dute idi-zaleek norgehiagokarako. «Azken lau urteetan ergometroan, ahari jokoan edota trontzan aritzen ziren sanantonetan, baina betikoa antolatu beharrean, aurten aldatzea erabaki dugu», dio Paulo Aldalurrek, festetako antolatzaileetako batek. Hala, azken mende laurdenean erabili gabeko harri handia «astintzea» pentsatu dute. Idi probatan baliatu ohi dutena baino askoz handiagoa da igandean erabiliko dutena; 3.650 kilo pisatzen du.
Hain handia izanik, ohi baino idi gehiago izango dira tiraka. Hala ere, ez da erronka izango, eta ez dute ezer izango jokoan. Hiru eta lau uztarriko erakustaldia izango da; hau da, uztarri batean hiru idi lotuko dituzte, eta bestean lau. Errenteriako Patxi Irarretak eta Iñaki Lopategi Birle bizkaitarrak eskainiko dute erakustaldia, eta bakoitzak hiru laguntzaile izango ditu alboan.
«Lehiakideek harri handiak erabili ohi dituzte, baina ez daude ohituta hain handiak mugitzera», dio Aldalurrek. Baina bertaratzen direnen «ikusmina» asetzeko adina lan egingo dutela uste du. «Jendea ez dago ohituta hainbeste idi ikustera. Jendea erakartzeko, harria handiz baliatu nahi izan dugu», dio Aldalurrek.
Hala, ekimenak harrera ona izango duelakoan daude antolatzaileak. Besteetan ez bezala, doako saioa izango da igandekoa. Gainera, halako erakustaldiak «ez dira ohikoak» inguruko herrietan. «Astigarragan eta Bizkaia aldean egiten dira gisa horretako saioak, baina festetako erakustaldiak izaten dira. Horrenbeste uztarrirekin zaila da probak egitea, izan ere».
Proba makalagoa
San Anton festetan mugitzekoa duten harria azken urteetan Aiako dema plaza kanpoan egon da. Orain goroldioa kenduko diote harriari. Hala ere, duela hamarkada batzuk idi dematan erabiltzen zutela adierazi du antolatzaileak. Bi idik mugitzen zuten orduan, eta bi, bost edo sei plaza egin ohi dituzten, Aldalurrek adierazi duenez. Honen arabera, hiru eta lau uztarriko probak eta ohiak «oso desberdinak» dira. «Hiru eta lau uztarrikoetan leku asko behar dute idiek, eta mantsoago ematen dute bira».
Herriko produktuak salgai
Idi probez gain, ordea, euskal produktuen azoka egingo dute herriko plazan. Udalak adierazi duenez, herritarrak «sentsibilizatzeko» erakusketa izango da, Euskal Herrikoak ez ezik, herriko baserritarren produktuak izango baitira salgai. Horrez gain, Aiako txakolinaren uzta berria dastatu ahal izango dute herritarrek, pintxoekin batera.
---------------------
Egitaraua
urtarrilak 22, igandea11:30. Ahari jokoak, herriko plazan.
Aldi berean. Euskal produktuen erakusketa, plazan.
12:00. Hiru eta lau uztarriko idi proba erakustaldia, 3.650 kiloko harriarekin, dema plazan. Parte-hartzaileak: Patxi Irarreta eta Iñaki Lopategi Birle.