Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gabonetako saiakeraren ostean, Aiako tabernariek pintxo poteoari ekingo diote; San Anton festetako bezpera izanik, larunbata aukeratu dute horretarako eguna, "herrian giroa sortzeko asmoz". Arruti, Jauregi, Kanoa, Iturriozena eta Haizeberri tabernek hartuko dute parte ekimenean; 18:00etatik 21:00etara bitartean, zuritoa, urteko ardoa, muztioa edo ura eta pintxoa euro eta erdian jaso ahal izango dute; kaña, kriantza ardoa, freskagarria edo kalimotxo eta pintxoa hartuz gero, berriz, bi euro ordainduko dute.
Gainera, pintxo poteoak irauten duen bitartean toka jarriko dute plazan, "jendearen punteria neurtzeko".
Larunbatean izango da pintxo poteoaren lehenengo saioa, baina antolatzaileek ez dute zehaztu ekimenak zein maiztasun izango duen. Hala ere, momentuz ez dutela astero egingo aurreratu dute; «pintxo poteoak izaten duen harrera aztertuko dugu lehenengo, eta horren arabera hartuko ditugu erabakiak», diote antolatzaileek.