Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aiako Udalbatzak 2012. urteko aurrekontuak onartu zituen herenegun iluntzean. Aurreko urtekoekin alderatuz, aurtengo aurrekontu orokorrak %15eko igoera izango dute. Hala, Aiako Udal aurrekontu kontsolidatua 3.484.706,53 eurokoa izango da; horietatik 3.406.056 euro Aiako Udalaren aurrekontura bideratuko dituzte, eta 78.650,53 euro Aia Lantzen S.A. sozietate publikoarentzat izango dira.
Igoera handiena inbertsioen atalean egingo dute; %33ekoa, hain zuzen ere. Partida handiena Elkano auzora bideratuko dute, pilotalekuko eta elkarteko lanerata, zehazki. 465.000 euro azpeigitura horietarako baliatuko dituzte. Horrez gain, inbertsioak Santio Errekan urbanizaio lanak egitera, Ubegunen bide gorria egitera, Aiako pilotalekuan teilatua konpontzera, igerilekura, Aiako ikastetxe ondoran dagoen jolaslekua berritzera, nekazari inguruko azpiegituretan hobekuntzak egitera, eta Urdanetako jolaslekua hobetzera ere bideratuko dituzte.
Aiako alkate Igor Iturainen iritziz, onartu dituzten aurrekontuak «anbizio handikoak» dira, «are gehiago egungo ekonomikoa kontuan izanda». Hala ere, Aiako Udalaren egoera ekonomikoa aintzat hartuta, «aurrera ateratzeko modukoak» direla uste du alkateak. EAJren aldeko sei botorekin eta Bilduren aurkako bostekin onartu dituzte 2012ko aurrekontuak. Koalizioaren ustez, aurrekontuak ez datoz «herritarren beharrekin» bat, eta horren ordez «lehentasunik ez duten proiektuetara» bideratuko dituzte partidak. Bide horretatik, «etorkizunean Aia hipotekatuta geratzeko arriskuan» dagoela nabarmendu dute. Elkanoko azpiegiturei dagokienez, esaterako, gastuak «zehaztu gabe» daudela adierazi du Aritz Arrutik, Bilduko bozeramaileak. Izan ere, «hasiera batean zati bat Zarauzko Udalak ere ordaindu beharko luke, baina ordainduko duela ziur egon gabe proiektu horri ekitea ez da bidezkoa». Horrez gain, Altxerriko kobetako pinturen erreplikak sortzeko asmoa du Udalak, baina «gastuak zenbatekoak izango diran jakin gabe proiektua martxan jartzea ez da logikoa».
Gizarte zerbitzuak, gora
Beste hainbat partidak ere igoera izango du. Besteak beste, gizarte zerbitzuen aurrekontua %2 igoko dute. «Ditugun eskaera berriei aurre egiteko modukoa da igoera», adierazi du alkateak. Horrez gain, Bono-taxi zerbitzua eskaintzen jarraituko dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak zerbitzu horretarako ematen zituen diru-laguntzak bertan behera geratu dira, baina Udalak nekazari eremuetatako mugikortasunerako «oinarrizkoa» dela deritzo.
Turismo alorrari, berriz, «bultzada» eman nahi dio udal gobernuak. Hala, turismoa «indartzen» jardungo duen pertsona bat kontratatuko du udalak.
Kultura, hezkuntza eta gaztedia arloan, berriz, udalak hainbat «erronka» zehaztu ditu, aurrekontuak azaltzearekin batera. Partiden bidez gaztelekua «egonkortu» nahi dute, eta oraintsu martxan jarri duten ludotekarekin aurrera jarraitu nahi dute.
Horrez gain, enplegu plan bat abian jartzeko asmoa ere azaldu du Aiako Udalak. Horretarako 10.000 euro bideratuko dituzte, herriko enpresekin «elkarlanean» aritzeko. Hala ere, egitasmo hau oraindik zehaztu gabe dagoela adierazi du alkateak.
Diru-sarrerak
Gastu arruntei dagokienez, berriz, %9 jaitsiko dituzte. Besteak beste, udaleko langileen soldatak ez dituzte igoko.
Onartutako aurrekontuekin, hasiera batean, udala ez da zorpetuko. Baina Bilduren ustez hori ez da «erreala». Izan ere, Arazubiko baserriari jabetza kendu eta bidea egiteko 440.000 euro ordaindu behar ditu Aiako Udalak, eta horietatik 30.000 euro aurten ordaintzea aurreikusten du. «Beraz, gainontzekoa hurrengo urteetan ordaindu beharko du», dio Arrutik. Diru-sarrera nagusiak Gipuzkoako Foru Aldunditik jasotzen duen Foru Funtsa eta Matadero etxea izango ditu. Aldunditik 1.108.000 euro jasotzea aurreikusten dute. Matadero etxea saltzeko asmoa du Aiako Udalak, eta, horrekin 180.000 euro lortzea aurreikusten du. Bilduk etxea saldu ordez haurreskolabertan egitea proposatu du.
-------------------------
Aurrekontuak:-Kultura. 152.814,55 euro.
-Turismoa. 66.473,01 euro.
-Nekazaritza azpiegiturak. 146.096,56 euro.
-Euskara. 15.610,89 euro.
-Kirola. 879.707 euro.
-Hondakinen kudeaketa. 178.080,66 euro.
-Kaleko eta jardinetako lanak. 772.910,09 euro.
-Hezkuntza. 119.955,50 euro.
-Ospitaletxea. 77.720,35 euro.
-Kooperazio kontuak. 7.104,76 euro.
-Etxez-etxeko zerbitzuak. 143.323,28 euro.