Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aiako Udalak 2012ko aurrekontuak onartu zituen atzo iluntzean. Aurreko urtekoekin alderatuz, aurtengo aurrekontu orokorrak %15eko igoera izango du; izan ere, Aiako Udal aurrekontu kontsolidatua 3.484.706,53 eurokoa da; horietatik 3.406.056 euro Aiako Udalaren aurrekontura bideratuko dute, eta 78.650,53 euro Aia Lantzen S.A. sozietate publikoak izango du.
Igoerarin handiena inbertsioek izango dute; %33 igoko dute, hain zuzen ere. Partidarik handiena Elkano auzoan egingo duten pilotalekua eta elkarteak izango du; azpiegitura honetara 465.000 euro bideratuko dituzte; horrez gain, Santio Errekan urbanizazio lanak egiteko, Ubegunen bide gorria egiteko eta pilotalekuko frontoia konpontzeko ere aurrekontuak zehaztu dituzte.
EAJren aldeko sei botokin eta Bilduren aurkako bost botokin onartu zituzten aurtengo aurrekontuak.