Aiako udalbatzak 2012. urteko udal ordenantza fiskalak onartu zituen herenegun egin zuten ohiko bilkuran. EAJ alderdiaren aldeko botoekin onartu zituzten ordenantzak; izan ere, Bildu koalizioa desados agertu zen zenbait punturen aurrean, eta horregatik aurka bozkatu zuten koalizioko zinegotziek.
Hainbat tasa eta zerga mantendu egingo dira hurrengo urtean, baina gehienek Euskal Autonomia Erkidegoan aurreikusten den KPI Kontsumo Prezioen Indizearen igoera berdina izango dute; hau da, %3 igoko dituzte. Zaborraren gaineko tasak, igoera hori izango du, besteak beste. Ibilgailuen, hilerriaren eta Ospitaletxeren gaineko tasak ere KPIaren igoeraren berdinak izango dira.
Hondakinen bilketari dagokionez, Bilduk uste du autokonposta egiten dutene herritarrei %3 baino gutxiago ordaindu behar zaiela. Izan ere, Haritz Arruti koalizioko zinegotziak adierazi du sistema hori erabiliz zabor gutxiago sortzen dutela: «Zabor gutxiago sortzen dute, eta beraz gastu gutxiago eragiten dute. Ekonomikoki baloratu behar da autokonposta». Horrez gain, ingurumen aldetik ere abantailak dituela gaineratu du Bilduk.
Hainbat salbuespen izango dituzte onartu dituzten zerga eta tasa berriek; hala, musika eskolako tasa, esaterako, %11 igoko da hurrengo urtean; ingeles ikastaroa %21,5 igoko da, eta pilates eta antzeko ikastaroak %28 igokoa dira; hau da, herritarrek hilean 7 euro gehiago ordainduko dute. Hala ere, familia bereko hiru kidek ikastaroren batean parte hartzen badute hileko kuotan %10eko deskontua izango dute.
Igor Iturain Aiako alkateak adierazi duenez, igoera horiek ikastaroek sortzen duten defizita murrizteko asmoz proposatu dituzte. Bilduren ustez, ordea, ikastaren gaineko tasen igoera «gehiegizkoa» da, eta igoera hori «ez dator egungo errealitatearekin bat»: «Udalak diruz laguntzen ditu ikastaroak, zerbitzu publikoa da. Beraz, normala da defizitarioa izatea. Zerbitzuaren helburua da hezkuntza sustatzea, eta horrek guztien eskura egon behar du». Iturainek, bere aldetik, argitu du ikastaro horiek guztira 10.000 euroko defizita sortzen dutela; pilates ikastaroan ikasle kopurua hazi egin dela gaineratu du, eta hori izan dela igoeraren arrazoietako bat.
Ur eta saneamenduaren gaineko tasa bataz beste %5,6 igoko da, ur kontsortzioak hala proposatuta. Izan ere, uraren gaineko tasa %2,8 igoko da, eta saneamendu plana %7.
Udal pilotalekuari dagokionez, berriz, berriz, duela hilabete batzuk erreserba sistema onartu du Udalbatzak 2012rako; hala, frontoia erabiltzen aurretik erreserba egiten dutenek hilean 10 euro ordainduko dituzte, eta aldagelak ere erabiltzen dituztenek 15 euro ordainduko dute. Erreserbarik gabe erabiltze dutenek, berriz, orduko bost euro ordainduko dute. Bilduk ez du ontzat jotzen herritarrei kuotak ordainaraztea, frontoia ez dagoelako «egoera onean» eta «publikoa» delako. Hori hala, aurrekontuetako partida bat pilotalekura bideratzea proposatu du. Iturainek, bere aldetik, nabarmendu du «erreserba eskubidea» dela ordainketan oinarritzen dena.
Igerilekuaren kasuan, berriz, herritarrentzat ez da igoerarik izango 2012an, baina herrian erroldatuta ez daudenentzat %8 igoko da abonua. Oriotarrek, berriz, %30eko deskontua izango dute, udan Orioko hondartza alboan aparkatzeagatik ere hobariak dituztelako. Bestetik, aiako udal probalekuak %7,5eko igoera izango du.
Hainbat zerga mantendu egingo dituzte; eraikuntza, instalazio eta obren gainekoa, esaterako; hala ere, enpresa jarduera berriak sortzen dituztenek %25eko hobaria jasoko dute. Jaietako postuetako tasa ere izoztu egin dituzte.
Onartutako behin behineko ordenantzak jendaurrean jarriko dira 30 egunez, herritarrek helegiteak aurkezteko aukera izan dezaten.