San Martin eguna azaroaren 11n ospatuko bada ere, Aiako Urdaneta auzoan asteburu honetan hasiko dira festak, eta hilaren 14ra bitartean ekitaldi ugariz gozatzeko aukera izango dute auzotarrek. Ohi bezala, erromeriak eta herri kirolek tarte berezia izango dute Urdanetan, eta inguruko aizkolariak, trikitilariak eta harri jasotzaileak arituko dira bertan.
Larunbatean hasiko dira festak. Arratsaldean mus txapelketa egingo dute. Etzi, berriz, Adinduen Eguna ospatuko dute, eta goizetik gauera hamaika ekitaldi izango dira. Eguerdian, esaterako, Mikel Lopetegi Urra-k eta Xabat Otaegi eta Jagoba Otaegi Euskadiko Txapeldunak erakustaldia eskainiko dute, harriak jasoz.
Hilaren 11n, San Martin egunean, jarraituko du jai giroak Urdanetan. Meza Nagusiarekin emango diote hasiera egunari, eta gero auzotarrak herri kiroletan arituko dira. Halaber, goizean zehar auzoko emakumeek egindako patata tortillen lehiaketa izango da, eta ondoren tortilla pintxoak banatuko dizkiete bertaratzen direnei.
Azaroaren 12an, berriz, Gorritiren animaliak eta txokolatada izango da, besteak beste. Gauean, berriz, afaria egingo dute guztiek, frontoian; txahal jana izango da. Anjel Mari Peñagarikano eta Amets Arzallus bertsolariek, eta Izer eta Alabier trikitilariek girotuko dute saioa, eta ondoren emanaldia eskainiko dute. Afarira joateko txartelak salgai dituzte dagoeneko, Urdanetako Izarra, Begoña eta Izeta tabernetan, eta Zarauzko Azken Portuko Otzarreta haragitegian, 25 euroren truke.
Hilaren 13an ere herri kirolak izango dira protagonista nagusi. Izan ere, Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.-a eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.-a harri-jasotzaile aita-semeek desafioa egingo dute. Markesako 150 kiloko harri kubikoarekin ahal bezainbeste jasoaldi egiten saiatuko dira, hiru minutuko epean. Ondoren, beste erronka bat izango da. Ugaitz Mugertza eta Imanol Izeta aizkolariak Izeta I.-a eta Izeta II.-a harri jasotzaileekin batera arituko dira, Joxe Etxebeste eta Ernesto Ezpeleta Bihurri, eta Jesus Mari Iruretagoiena Izeta III.-a eta Izeta IV.-aren aurka.
Arratsaldean, berriz, inguruko hiru talde ariko lehian. Batetik, Orioko Heldu taldeko zortzi kide arituko dira, 900 kiloko harriarekin; giza proben Gipuzkoako txapelketa irabazi berri du taldeak. Bestetik, Urdanetako Saberri eta Izeta gazteak txandaka arituko dira, 115 kiloko harriarekin. Azkenik, Izeta II.-a 115 kiloko harri baldarrarekin lehiatuko da. Ahalik eta plaza gehien egiten ahaleginduko dira guztiak, hogei minutuko saioan. Azaroaren 14an amaituko dituzte Urdanetako festak, Oilasko Biltze Egunarekin.
Orion, txartelak salgai
Orion hurrengo astean ospatuko dituzte sanmartinak, eta hilaren 12ko afarirako eta hilaren 13ko bertso-bazkarirako txartelak eros daitezke dagoeneko; Oliden jatetxean, Aterpe tabernan eta Kutixi kafetegian daude eskuragarri.
EGITARAUA:
- Azaroak 5, bihar
- 16:00. Mus txapelketa.
- Gauean. Ximor irekita egongo da.
- Azaroak 6, igandea, ZAHARREN EGUNA
- 16:00. Mus txapelketa.
- 11:30. Meza Nagusia.
- 12:00. Eskuz binaka eta palaz banakako pilota partiden finalak.
- 13:00. Mikel Lopetegi, eta Xabat eta Joseba Otaegi harri-jasotzaileen erakusketa, bertsolari eta trikitilariek alaituta.
- Ondoren. Auzoko nagusiekin, Astiazaran trikitilariekin, eta Telleria eta Loidisaletxe bertsolariekin bazkaria, Indamendi elkartean.
- Arratsaldean. Auzoan zehar kalejira, bertsolari eta trikitilariekin.
- 22:30. Ximorren Astiazaran anaiekin erromeria, jendea nekatu arte.
- Azaroak 11, ostirala, san martin eguna
- 11:00. Meza Nagusia.
- 12:00. Auzotarren arteko herri kirolak, trikitilariek alaituta.
- Ondoren. Auzoko emakumeek egindako patata tortilla lehiaketa. Lehiaketa ostean tortilla pintxoak banatuko dituzte.
- 18:30. Kalejira auzoan, Imuntzo eta Beloki trikitilariekin.
- 22:00. Imuntzo eta Beloki trikitilariekin erromeria, Ximorren.
- Azaroak 12, larunbata
- 16:00. Gorriti’s show. Gorritik ikuskizuna eskainiko du.
- Ondoren. Gozokiak banatuko dizkiete umeei, eta txokolate beroa bizkotxoekin, helduei eta haurrei.
- 21:00. Txahal jana, frontoian, Peñagarikano eta Arzallus bertsolariek, eta Izer eta Alabier trikitilariek girotuta. Txartelak Izarra, Begoña eta Izeta tabernetan eta Otzarreta haragitegian.
- Afalostean. Bertso saioa eta erromeria, frontoian.
- 00:00. Ximor irekiko dute.
- Azaroak 13, igandea
- 11:00. Meza Nagusia.
- 12:00. Palaz binakako pilota partiduen finala.
- Ondoren. Herri kirolak. Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV aita-semeen desafioa. Markesako 150 kiloko harri kubikoari zeinek jasoaldi gehiago eman. Gero, bi talde arituko dira elkarren aurka: batetik, Mugertza eta Imanol Izeta aizkolariak Izeta I. eta Izeta II.-arekin arituko dira; bestetik, Etxebeste eta Bihurri aizkolariak Izeta III. eta Izeta IV.-arekin arituko dira. Ostolaza eta Andonegi trikitilariek girotuko dute saioa.
- 17:00. Hiru taldeen arteko lehia: Orioko Heldu giza probako zortzi kide 900 kiloko harriarekin; Urdanetako Saberri eta Izeta gazteak, txandaka giza rpoban, 115 kiloko harriarekin; Izeta II. 115 kiloko harri baldarrarekin.
- 22:30. Ostolaza eta Andonegi trikitilariekin erromeria, Ximorren.
- Azaroak 14, astelehena, oilasko biltze eguna
- 07:00. Diana.
- 07:30. Auzoko gazteak baserriz baserri hasiko dira oilasko- biltzen, Izer eta Alabierren laguntzaz.
- 21:00. Bildutako oilaskoekin auzo afaria izango da Indamendi elkartean.
- Ondoren. Erromeria izango da Izer eta Alabier trikitilariekin, Ximorren.
- 23:30. Patata dantza txapelketa, Ximorren.
- 00:00. Aurtengo jaiei amaiera emateko traka zaratatsua egingo dute.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide