Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aiako Udalak herriko pilotalekuaren erabilera arautu du, bertako erabilpena "egokiagoa eta ordenatuagoa" izan dadin. Aurrerantzean, erreserben bidez eramango dute aurrera honen kudeaketa; hala, herritarrek ordua hartu ahal izango dute frontoia erabili behar dutenean.
Uda pasa denetik frontoiko erabilera igo egin delako hartu du neurria Udalak; Aiako Udalak jakinarazi du pilotalekuaren erabilera astelehenetik ostiralera bitartean neurtuko duela, 18:00etatik 22:30eara bitartean, hain zuzen ere. Halaber, saio bakoitza ordu eta erdian banatuko dute.
Ordua hartzeko Kultur Etxeko 943-13 09 24 telefonora deitu behar da. Erabiltzaileek hileko 10 euro ordainduko dute, eta dutxa ere behar izango badute,berriz, 15 euro ordainduko dute. Ordua erreserbatzen dutenean egin beharko dute ordainketa.
Udalak jakinarazi du herritarrek gehienez ere ekainaren 1era bitartean erreserbatu dezaketela frontoia. Hala, aurretik ordua hartua dutenek lehentasuna izango dute gainontzekoen aldean, Udalak eta Kirol Elkarteak antolatzen dituen ekimenetan izan ezik.