Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aia Lantzenen Administrazio Kontseiluak kide bat gehiago izango du aurrerantzean. Izan ere, orain arte lau kidez egon da eratuta, baina joan den astean Batzar Orokorra egin zuten, eta bertan onartu zuten bost kide izatea.
EAJ alderdiak proposatu zuen Aia Lantzenen Administrazio Kontseiluak kide bat gehiago izatea, eta horretarako bi arrazoi aurkeztu zituen. Batetik, Aia Lantzeneko Batzar Orokorra bederatzi kide izatetik 11 izatera pasatu da, Udalean zinegotziak ere hainbeste direlako. Hala, «proportzionaltasunari» eutsi behar zaiola uste du Igor Iturain Aiako alkateak, eta Aia Lantzenen ordezkaritza gehiago izatea «egokiagoa» izango dela dio.
Bestetik, Kontseiluak, oro har, kide kopuru «bakoitia» izan ohi duela gaineratu du EAJk, «gaur egungo bi alderdien indarrak ere hobeto adierazten direlako».
Bildu koalizioaren ustez, ordea, aldaketa ez da «beharrezkoa»: «Administrazio Kontseiluko lehendakariak, Igor Ituraineik, kalitatezko botoa du. Hau da, botoen arteko berdinketa hausteko ahalmena du. Beraz, praktikan bost kidez gaude osatuta, eta herrian gehiengoa direla bermatuta dute lehendik ere», dio Aritz Arruti Bilduko bozeramaileak.
Horrez gain, Arrutik ez du egoki ikusten EAJk «orain» aldaketa proposatzea: «Bere garaian Kontseilua lau kidek osatzea onartu zuen EAJk, eta orain arte ez dute aldatzeko beharrik ikusi. Zentzu horretan, orain aldatzea ez da justua, bi alderdien artean sekula baino alde gutxiago dagoelako». Hala, EAJren aldeko sei botorekin eta Bilduren aurkako bostekin onartu dute kide kopuruen aldaketa.
Izendapena, aho batez
Administrazio Kontseilua osatuko dute kideen izendapena, berriz, aho batez onartu zuten Batzar Orokorreko ordezkariek. EAJko hiru kidek eta Bilduko bi kidek osatuko dute aurrerantzean taldea; Igor Iturain, Maria Jesus Arruabarrena, Asier Ibarguren, Aritz Arruti eta Mikel Zulaika dira horiek.