Giro herrikoia Aian, sandonato eta sanlorentzoetan

Urola Kostako Hitza 2011ko abuztuaren 5a

Aian bihar hasiko dira ofizialki herriko festak, joan zen asteburuan lehenengo ekitaldiak ospatu bazituzten ere. San Donato eta San Lorentzo festek bat egingo dute hurrengo astean zehar, eta ohiko moduan giro herrikoia izango da nagusi hilaren 10era bitartean. Bihar, 19:00etan botako dute txupinazoa udaletxeko balkoitik, eta kalejira egin ondoren herri afaria egingo dute, Izer, Alabier eta Lutxurdio trikitilarien laguntzatekin. Gehienez ere 230 lagunek gerturatu ahal izango dute afarira. Bertsoak eta herri kirolak Igandean San Donato eguna ospatuko dute, eta goizetik hasita ekitaldi ugari izango dira. Goizean usokume tiraketa hasiko da, eta orduan lehenengo txanda egingo dute. Arraltsaldean helduko diote berriro lehiaketari. Gauean, berriz, bertso jaialdia izango da, eta goi mailako bertsolariek hartuko dute parte bertan; Sebastian Lizaso, Amets Arzallus, Xabi Paia, Maialen Lujanbio, Anjel Mari Peñagarikano eta Iker Zubeldia arituko dira. Andoni Egaña, berriz, gai-jartzaile lanetan arituko da. Astelehenean, hilaren 8an, Haurren Eguna ospatuko dute Aiako bizilagunek, eta pailazoen emanaldiek eta jolasek osatuko dute eguna. Asteartean, berriz, dantza emanaldiak eta toka txapelketak izango dira, besteak beste. San Lorentzo egunarekin emango diete amaiera festei. Herri kirolek tarte berezia izango dute egun horretan. Izan ere, meza nagusiaren ondoren, pilota partida profesioanalak izango dira. Autobus zerbitzu bereziak Alzelai eta Otaegi lau terdian arituko dira lehendabizi, eta ondoren Mendizabal eta Eulate bikoteak Eugi eta Garmendiaren aurka jokatuko dute. Festak direla eta, autobus zerbitzu berezia izango da Zarauztik eta Oriotik Aiara joateko eta itzultzeko. Gaueko 23:00etatik aurrera eta goizaldera arte ibiliko da autobusa, festa egunetan. Zarautzen, lehenengo geldiunea Eguzki tabernaren aurreko geltokian egingo du. Orion, berriz, ez da herri barrutik pasatuko autobusa, eta, beraz, Aia-Orio tren geltokian egingo du geldiunea. Ordutegien inguruko iformazioa www.aiako.com helbidean aurki daiteke. Aurreko asteburutik Festetako lehenengo ekintzak joan zen igandean egin zituzten aiarrek. Besteak beste, bolo eta pala txapelketak izan ziren, eta arratsaldean arraza guztietako Artzain Txakurren Gipuzkoako Txapelketa jokatu zuten. Bederatzi lagunek hartu zuten parte bertan, eta Peio Segurolak irabazi zuen lehia, artzain txakurrarekin. Bigarren postuan Peio Pagadizabal aiarrak —iazko irabazleak — egin zuen. Egitaraua Abuztuak 6, larunbata 16:00. Ping-pong txapelketa. 19:00. Txupinazoa. Ondoren. Kalejira, trikitilari eta buruhandiekin. 21:30. Herri afaria, Izer, Alabier eta Lutxurdio trikitilariekin. Ondoren. Plazan Ze Esatek taldearen kontzertua. Gero. Izer eta Alabier trikitilariekin erromeria. Abuztuak 7, igandea. San Donato eguna 08:30. Diana,txistulariekin. 10:00-13:30. Usokume tiraketa, lehen txanda. 10:30. Meza nagusia. Ondoren. XXXIII. Pilota Txapelketaren finalak. 16:00. Mus txapelketa. 16:00-18:00. Usokumke tiraketa, bigarren txanda. 16:00-19:30. Kilikon jaialdia, haur eta helduentzat. 19:30. Kalejira herriko kaleetan, buruhandi eta trikitilariekin. 22:00. Bertso jaialdia, Sebastian Lizaso, Amets Arzallus, Xabi Paia, Maialen Lujanbio, Angel Mari Peñagarikano eta Iker Zubeldiarekin. Gai jartzailea: Andoni Egaña. 00:00. Laket taldea. Abuztuak 8, astelehena. Umeen eguna 08:30. Diana, txistulariekin. 11:00. Txirrindulari lasterketa eta haur jolasak. 17:00. Poxpolo eta Konpania pailazoen emanaldia. Ondoren. Gorriti eta bere animaliak. Jarraian. Kalejira kaleetan buruhandi eta trikitilariekin. 20:30-21:30. Egan taldea. 22:00. Korrontzi &Oinkari musika eta dantza ikuskizuna. Ondoren. Dantzaldia Egan taldearekin, goizaldera arte. abuztuak9, asteartea 08:30. Diana herriko txistularien laguntzaz. 11:30. Toka txapelketa irekia, sardina jana eta ahari jokoekin. 16:00-19:30. Gaztetxoentzat Gaztelu puzgarriak. 19:30. Kalejira buruhandiekin. 23:30. Herriko gaztetxoen dantza emanaldia. 00:00. Karroza. Ondoren. DJ Abibarekin dantzaldia. Abuztuak 10, asteazkena. San Lorentzo eguna 08:30. Diana kaleetan zehar. 11:00. Meza nagusia. 12:00. Pilota profesional tartidak; lau terdian Alzelai Otaegiren aurka. Eskuz binaka, Mendizabal eta Eulate Patxi Eugi eta Garmendiaren aurka. Ondoren. Edadetuen bazkaria, Zatain eta Olaso bertsolariek alaituta. 17:30. Euskadiko Harri-Jasotze Txapelketa Harri Txikiak. Unai Bertiz, Xabier Ariztegi, Josetxo Urrutia, Aimar Irigoien eta Hodei Iruretagoiena. Ondoren. Kalejira herriko kaleetan, trikitilari eta buruhandiekin. 23:00. Suziriak Pirotecnia Zaragozanaren eskutik. Ondoren. Bide Batez taldearekin dantzaldia. 01:00. Traka zaratasua. Ondoren. Bide Batez taldearekin dantzaldia. Eskualdeko harri-jasotzaileak lehiatuko dira harri txikien txapelketan Aurten, Harri Txikietako Euskadiko Harri Jasotze Txapelketa Aian jokatuko dute. Festen barruan izango da saioa, San Lorentzo egunean, hain zuzen ere. Bertan, eskualdeko harri-jasotzaileak izango dira, Aimar Irigoien errezildarra eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.-a aiarra, besteak beste. Horiekin batera arituko dira harriak jasotzeko lehian Unai Bertiz, Xabier Ariztegi eta Josetxo Urrutia nafarrak, 17:30ean. Iaz, Irigoien txapeldun Joan zen urtean Irigoien errezildarrak laugarren aldiz irabazi zuen txapela, 12.500 kilo leporatu ondoren. Iruretagoiena, berriz, hirugarren geratu zen, 10.725 kilo jasota.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide