Izeta IV.-arekin batera familiartekoak eta kazetariren bat ere egon zen jatetxean bi orduz zain. Iruretagoienak inor ez agertzea espero zuela aitortu du: «Desafioaren berri zabaldu zen inguruko herrietan, baina ez nuen ikusi interes handirik piztu zuenik harri-jasotzaileen artean. Halako erronken aurrean harri-jasotzaileen artea pikea sortzen da, baina oraingoan ez da hori gertatu», adierazi du. Iruretagoienaren ustez, erronka «gogorra» zen, eta horregatik geratu da bertan behera. «Neure buruari froga jartzeko gogoa nuen. Halako apustu bat egiteko adina iritsi zaidala uste dut», azaldu du harri-jasotzaile gazteak.
Hala ere, zuhurra da harri-jasotzailea. Urtea amaitzerako kideren batek gisako erronka bat jar dezakeelakoan da. Ez du, behintzat, aukera baztertu: «Ikusi egin beharko da orain zer gertatzen den. Nik eman diot hasiera, eta, beharbada, apustua egiteko aukera izango dut berriz».
Momentuz, ordea, ez du erronka gehiagorik botako, eta datorren hilean Aian jokatuko duten Euskadiko Txapelketarako buru- belarri prestatzen jarraituko du. Abuztuaren 8an jokatuko dute saioa, eta alboan izango ditu Aimar Irigoien errezildarra, eta Unai Bertiz, Nafarroako harri-jasotzaile txapelduna, besteak beste. Bosgarrengo aldiz hartuko du parte aiarrak Euskadiko Txapelketan. Azken bi urteetan hirugarren postua lortu du. Aurtengoarako, berriz, Izeta IV.-ak jakinarazi du bigarren postua lortzea duela helburu nagusia.