Mikel Markez (Errenteria, 1971) Hiri hartan izan zen diskoa grabatzen ari da egunotan, eta eskualdeko bizilagun batzuk ere izan ditu alboan disko berrian; Uxue Alberdi eta Eñaut Elorrieta, esaterako. Horrez gain, asteleheneetan eta astearteetan, 20:00etan,
Kaja beltza saioa aurkezteari ekin dio Euskadi Irratian.
Zer moduz hasi zarete grabaketarekin?
Gogoarekin gaude guztiok. Konponketak egin ditugu, eta guztia lotu eta zehaztu dugu. Orain hori guztia plasmatzea eta toma goxoak egitea geratzen zaigu. Horretarko oso gogotsu egoten naiz. Grabaketa eguna iristeko irrikitan egon naiz azken egunetan. Gezurra dirudi, baina berrogei urterekin oraindik umeak bezala egoten naiz grabaketatan.
Nolako diskoa kaleratuko duzu?
Denetik dago diskoan. Badaude abesti herrikoiak, neuk egindakoak, eta bertsolariek sortutakoak daude. Esaterako, Jokin Sorosabalen bertso sorta bat sartu dut, eta Pedro Mari Otañorenak ere badaude. Oro har, era askotako abestiak daude. Estetikoki, ordea, nire gitarra eta ahotsa da nagusi. Horrez gain, pisua izango dute Pello Ramirezek eta Arkaitz Minerrek; horiek musika tresna asko jotzen dituzte: txeloa, akordeoia, biolina, gitarra, mandolina... Kolaborazioak ere baditut. Iñaki Salvadorrek parte hartzen du pianoarekin, Eduardo Baranzanok, berriz, gitarrarekin; ahotsezko kolaboratzaileen artean, Erramun Martikorena, Uxue Alberdi eta Eñaut Elorrieta izan dira, besteak beste.
Aurreko diskoetako ildo bera jarraituko al duzu?
Ez dago aldaketa handirik. Ez da rock & roll diskoa izango. Guk egin dezakegun ekarpen handiena abesti berriak eskaintzea da, eta disko honek 11 abesti berri izango ditu. Hamaika perla eta kolore gehiago izango ditu gure ostadarrak.
Uxue Alberdi eta Eñaut Elorrieta aipatu dituzu. Nola sortu zen haiekin lan egiteko ideia?
Eñaut ia haurrak ginenetik ezagutzen dut. Biok ere oso gaztetatik hasi ginen abesten, eta Lugarri taldea zuten garaian ezagutu nuen, duela 15 urte inguru. Beti izan dugu harreman estua. Uxue, berriz, gitarra jotzen erakusten hasi nintzaionean ezagutu nuen, duela lau urte inguru.
diskorako bi haien ahotsak grabatuta daude dagoeneko. Uxueren haurdunaldia zela-eta erabaki genuen bi kolaboratzaile horien grabazioa aurreratzea, eta oso ongi geratu da.
Zer gertatu zen hiri hartan?
Abestian entzundakoan norberak zehaztu behar duen kontua da hori. Abestian zerbait kontatzen da, baina airean geratzen den kontua da. Orduan, hobe da norberak interpretatzea. Nahi dena pentsarazteko aukera eman nahi nuen diskoarekin. Uxuek, esaterako, testua irakurri zuenean esan zuen abestia porno-erromantikoa zela.
Horrez gain, zer-nolako gaiak jorratzen dituzu?
Jokin Sorosabalek egindako Olentzero Bussines Center bertso sortan, esaterako, Gabonetako erokeria jorratzen dugu. Ez dago beste munduko ezer, eta, oro har , inguruko gaiak eta interesatzen zaizkigunak jorratzen ditut: harremanak, gizartea, politika...
Diskoa grabatzeaz gain, Euskadi Irratian Kaja beltza saioa aurkezten hasi zara.
Euskal kantagintza hartu dugu gaitzat saioa egiteko, eta astean bitan emitituko dugu. Edonola ere, bi saio desberdin izango dira. Astelehenetan, iragana eta oraina nahastuko ditugu, eta lehenego eta oraingo musikariak eta taldeak izango ditugu hizpide. Horrez gain, atal propioak izango dira: bitxikeriak, abestien inguruko istorioak, pertsonaien inguruko abestiak... Astearteetako saioak, ordea, monografikoak izango dira. Gehienetan zuzeneko emanaldiak izango dira, eta pertsona ezagunak eta ezezagunak izango dira. Bestelako gaiak ere landuko ditugu saio osoa batean.
Zein gonbidatu izango dira saioan?
Alde batetik, jende ezezaguna ezagutarazten saiatu nahi dut, eta pertsonaia ezagunei, berriz, beste puntu bat topatu nahi diet. Lehendabiziko saioan Urko Menaia izan genuen, eta bigarrengoan Manex Pagolari elkarrizketa egin diot. Bere abestiak oso ezagunak dira, baina bera ezezaguna da. Aldarrikapen bat egin nahi nuen. Ondorengo saioetan Orion bizi den Azkaiter Pelox gonbidatuko dut, eta Josune Marin ere izango da saioan.
Entzuleek zure abestiak entzuteko aukera izango al dute?
Kode deontologikoak ez dit uzten hori egiten. Hori beste saio batzuetarako utziko dut.
Zer aukera ematen dizu musika eta irratia uztartzeak?
Gaztetan hasi nintzen irratia egiten. Esango nuke betidanik lagun izan dudan bidea izan dela irratia. Gaur egun ere asko entzuten dut, eta irratia egitea gozatzeko modu bat da niretzat. Maila horretan, zeresana dudala uste dut. Hala, irratiaren bidez musikari tartetxo bat egitea primerakoa da, finean, nire bi pasioak uztartzen baitira.