Aiako Andatza auzoko Erromeria Elkarteak denboraldiko azken saioa antolatu du iganderako, hilak 19. Hurrengo denboraldia urrian hasiko dutela esan dute, eta azkeneko erromeria Laja eta Unai Narbaiza trikitilariek eskainiko dute Aristerrazun, eta ohi bezala, 18:30eatik 21:00etara bitartean egingo dute.
Erromeria elkarteak astez aste antolatu ditu kontzertuak, eta horien esanetan, aurtengo denboraldiak «arrakasta handia» izan du, besteak beste aurten ordutegia aldatu dutelako. «Betiko jendeaz gain, berria eta gazteak ere izan dira. Hainbat tokitatik hurbildu dira Andatza auzora, erromeria, trikitia eta festarekin gozatzera eta gure ohiturak indartzera», dio elkarteak. Halaber, aurtengo denboraldian «egungo trikitilari aipagarrienak» izan direla azpimarratu dute.