Aian Igor Iturain EAJko zerrendaburua aukeratu dute alkate beste lau urtez. Herritar dezente hurbildu da Udalbatzaren osaketa jarraitzera, eta normaltasunez joan da ekitaldi osoa; hasieran, idazkariak prozedura azaldu die EAJ eta Bilduko ordezkariei, eta ondoren bozkaketa hasi dute horiek; EAJ alderdiak sei boto lortu ditu, eta Bilduk, bost.
Iturainek jakinarazi du orain arteko lan egiteko bide berdinak mantenduko dituela aurrerantzean ere, eta herritar guztientzat arituko direla azpimarratu du. Halaber, Bilduri zorionak eman dizkio, baina baita Aiako EAJri ere, "Gipuzkoan alderdiak gehiengo osoa mantendu duten herri bakarra delako"
Aritz Arruti Bilduko hautagaiak ere zoriondu egin ditu herritar guztiak. "Politika eredu berrira" bidean arituko direla azpimarratu du, eta adierazi du "herritar aktiboak" nahi dituztela eta horien "borondatea" jarraituz lan egingo dutela. Arrutik gaineratu du herritarrengan "indar berezia" nabari dela, hauteskundeetan Bilduk emaitza "ikusgarriak" lortu baitzituen. Koalizioak adierazi du Aiako Udaletik guztien "eskubide zibil eta demokratikoen" alde jardungo dutela, eta herritarrentzat "zabalik" daudela nabarmendu du.
Amaitzeko, Iturainek azken zinegotzi kargua utzi dietenei oroigarri plakak banatu dizkie, azken urteetan egin duten lana eskertzeko asmoz.