Andrakintza saria jaso du Hitzez elkarteak

Urola Kostako Hitza 2011ko ekainaren 10a

Muskizko Udaleko Berdintasun Sailak Aian egoitza duen Hitzez emakume baserritarren elkarteari eman dio Andrakintza saria. Emakume eta gizonen arteko aukera berdintasuna bultzatzeagatik aitortu dute elkartea. Arantza Izagirre elkarteko lehendakariak adierazi duenez, "sorpresaz" hartu zuten berria. Hala ere, "oso pozik" jaso zutela saria esan du: "Aurrera begira lan egiten jarraitzeko izugarrizko indarra eman digu sariak. Poz handiz ari gara lanean, eta jendeak hori eskertzen duela konturatu gara. Finean, gure egunerokotasunaren aitortza bat izan da sari hori". Muskizko Udalak urtez urte antolatu ohi du ekimena, eta aurten landa eremuko emakumeen lana saritu nahi izan dute: "Txundituta geratu dira antolatzaileak, emakume baserritarren egoera ez zutelako ezagutzen. Bizimodu hori jakitean hunkitu egin dira. Horregatik bozkatu gaituzte gehienek", dio Izagirrek. Elkarteak eskultura eta 4.500 euroko sari ekonomikoa jaso ditu. Lehendakariak azaldu du dirua "elkartearen beharretarako" bideratuko dutela. "Lokala ireki berri dugu, eta hori prestatzen gastu dezente izan ditugu. Beraz, ondo etorri zaigu diru hori". Hitzez elkarteak joan zen martxoan batzorde berria eratu zuen. Elixabet Manterolak ordura arteko lehendakariak Arantza Izagirreri utzi zion lekukoa. Lau urtez izango da lehendakaria, eta Izagirrek adierazi du elkarteak oraindik "konpromiso" asko dituela. Momentuz, aurtengo programarekin jarraituko dutela eta hurrengo urtekoa prestatzen hasiko direla aurreratu du lehendakariak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide