Indaux enpresako Aiako eta Getariako langileek lanuzteak egingo dituzte bihar eta etzi. Aurreko astean hasi ziren bi herrietako langileak greba egiten, eta aste honetan jarraituko dituzte protestak. Enpresako lan hitzarmena berri dezaten eskatuz ari dira egiten lanuztean. ELA sindikatuak adierazi duenez, enpresak hiru urte baino gehiago daramatza lan-ituna berritu gabe.
Horregatik, altzarientzako erremintak egiten dituen Indaux enpresako Langile Batzordeak adierazi du hitzarmen «duin eta onuragarria» nahi dutela, «bai langileentzat, baita enpresarentzat ere».
ELA sindikatuaren arabera, azken aldian enpresako «lan karga hobetzen» ari da. Beraz, langileek «eskubideak defenda ditzaten garai egokia» dela adierazi du sindikatuak: «Enpresaren egoera hobera ari dela egiten ikusten dugu; badakigu aberastasunaren zati bat langileena dela, beraz, antolatzea eta mugitzea erabaki dugu».
Langileek jakinarazi dute enpresako zuzendaritzak «hitzarmen bat behar» zela helarazi ziola enpresako Batzordeari, iaz amaieran. Haien esanetan, Langile Batzordeak 14 puntuz osatutako proposamena aurkeztu zuen orduan, baina azkenean bertan behera geratu zen: «Lau bilera egin ostean, Zuzendaritzak negoziazio mahaia puskatu du, 14 puntu horietako bat bera ere negoziatu gabe», dio Batzordeak.
Mobilizatzeko «une egokia»
Langileek ere nabarmendu dute 2007. urtetik LET Lan Erregulazio Txostena izan dutela, eta «askotariko arrazoiak argudiatuz» hainbat lagun kaleratu dituztela ordutik.
Langileek jakinarazi dute bitarte horretan ez dutela hitzarmenaren inguruko «inongo protesta eta mobilizaziorik» egin, horretarako «nahikoa arrazoi» zituztela uste bazuten ere. Oraingo «enpresaren jokaera» dela-eta erabaki dute enpresan mobilizazioak egiten hastea. Hala argitu dute langileek.
Sindikatuaren arabera, lan hitzarmena eduki ezean, langileak ez dira «egungo egoerara» moldatzen; besteak beste, soldata igoerak ez dituztelako bermatuta.
«Jarraipen zabala»
Mobilizazioen bidez, enpresako arduradunak negoziazio mahaian eserrarazi nahi dituzte langileek, hitzarmena helburu. Halaber, mobilizazioak hasi zirenetik Zuzendaritzak ez dituela langileak «bilera bakar bat egiteko» ere deitu, salatu du ELA sindikatuak. Gatazkaren alde bien ikuspuntua jasotzearren, Urola Kostako Hitza Indaux enpresako Zuzendaritzarekin harremanetan jartzen saiatu da behin baino gehiagotan, baina ezin izan du kideekin hitz egin.
Getariako eta Aiako langileak pasa den asteko ostegunean hasi ziren mobilizazioak egiten.
Bi egunetan txanda bakoitzean bi orduko geldialdiak egin dituzte, eta bihar eta etzi ere hala egingo dituzte. Hurrengo astean ere egingo dituzte lan etenaldiak.
Ordutik aurrera protestarekin jarraituko al duten ez dute zehaztu. Hala ere, «modu batera edo bestera» mobilizazioekin jarraituko dutela jakinarazi du sindikatuak.
Lanuzteez gain, elkarretaratzeak ere egin zituzten joan zen astean Getarian eta Aian. Eta bihar eta etzi ere egingo dituzte.
Bihar, esaterako, bi lantegietako beharginak Indaux enpresaren Getariako lantegi aurrean elkartuko dira, goizean.
Sindikatuaren arabera, joan zen asteko lanuzteek «jarraipen zabala» izan zuten, eta oraingoan ere hala izango dutela espero dute, «langileak «gogor eta gogoz» dauelako.