Pagoetako itzuliaren osteko bazkarirako izena emateko azken eguna gaur da

Urola Kostako Hitza 2011ko ekainaren 2a

Etzi, ekaineko lehenengo igandea izanik, Pagoeta Eguna ospatuko dute aiarrek. Ohiko moduan, Pagoeta mendira abiatuko dira plazatik, goizean, 09:30ean, eta txangoaren ostean festa izango dute nagusi herriko plazan. Herritarrek Pagoeta Egunarekin batera Koadrila Eguna ospatzen dutenez, mendi buelta egin ondoren lagun artean herri bazkaria egingo dute. Aurten ere 14:00etan elkartuko dira bazkaltzeko. Eguraldi ona eginez gero plazan egingo dute bazkaria, eta, bestela, frontoian elkartuko dira. Antolatzaileek adierazi dutenez, otorduko parte-hartzaile kopurua mugatua izango da; gehienez 220 lagun. Bide horretatik, antolatzaileek jakinarazi dute herritarrek izango dutela lehentasuna. Gaur izango da herri bazkarirako izena emateko azken eguna. Kultur etxean edo 943-13 09 24 telefonora deituta inskriba daiteke. Bazkarirako txartelak bi eurotan daude salgai. Ohi bezala, guztientzan paella banatuko dute lehendabizi, baina gainontzeko jatekoak norberak eraman beharko ditu etxetik. Hala ere, edaria, parrilla eta bazkaritarako tresnak antolatzaileek banatuko dituzte. Bestetik, izen-emate zerrendaren araberako ordenean ezarriko dituzte parte-hartzaileak mahaietan. Jolasak eta dantza Arratsaldean zehar, berriz, koadrilen arteko jolasak egingo dituzte, eta erromeria ere izango da plazan. Aiako Udalak antolatu ohi du festa. Herritarrek aspalditik dute ekaineko lehenengo igandean Pagoetara joateko ohitura, baina Koadrila Eguna 2004. urtean hasi ziren ospatzen herrian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide