Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urte gutxi batzuk atzera egin, eta zer aurkituko litzateke eskualdeko baserrietan? Igandean Asentzio Azokaren harira Aiara gerturatu zirenek atzera begiradatxoa egin ahal izan zuten. Funtsa galduta zuen baserritarren azokak, eta izaera berreskuratu nahi izan dute antolatzaileek. Horretaz gain, baserriko lehengo ofizioen erakustaldia eskaini.
Udalak eta zenbait herritarrek orain lau urte erabaki zuten Asentzio Azokaren berezko izaera berreskuratzeko lanean hastea. Izan ere, «beste edozein herritako edozein azoka bezalakoa zen azken hogei urteetan». Hala uste du Udaleko langile eta azokaren koordinatzaile Joxemari Aiertzak: «Jatorrian ez zuen oinarri hori, baserritarren feria zen, eta zentzua aurkitu nahi genion». Hala, azokako parte-hartzaileen soslaia «findu» zuten aurrena, «lehentasuna bertako ekoizleei» emanez, esaterako. Erronka «zaila» izan arren, aurten egunaren balorazio ona egin dute: «Eguna oso-osorik hartuta, azokaren edukia eta erakustaldiak izan duen jarraipena kontuan izanda, pozik gaude; gure helburuetara gehien gerturatu garen urtea izan dela esango nuke».
Eguraldi aparta lagun, jende asko gerturatu zen igandean goizetik hasita Aiako hainbat txokotara. Herria hiru gunetan banatu zuten: Plazan eskulangintza eta jan-edanak dastatzeko gunea jarri zuten; aparkalekua elikagai, lanabes eta lore salmenta tokia izan zen; eta kirolgunea, berriz, animaliak erakustekoa.
Hiztegia ere gogoratuz
Azokak adina ikusmin sortu zuen eguerdi partean egindako ekimenak. Plazaren ondoko txoko batean gurdi bat zuten prest, hainbat kartelekin. Kartel bakoitzak gurdiko elementu bat identifikatu eta azaltzen zuen. Baserritarrez jantzita agertu ziren landa munduko ofizioen erakustaldian parte hartu behar zuten herritarrak, eta sega pikaketan, idiak uztartzen, segan eta ardiei ilea mozten aritu ziren. Egiten zutenaren azalpenak emateko eta ekimen bakoitzari zegokion hiztegia gogorarazteko esataria ere izan zuten. Hitz eta pitz aritu zen Ixidro Lertxundi, eta ez zen aspertzeko aukerarik egon. «Hiztegi xumea osatu dugu, oinarrizkoa, baina hitz eta esaera horiek hor egotea nahi genuen», azaldu du Aiertzak. Pixkanaka, izaera hori indartzen jarraitzea da asmoa.
«13 urterekin joan nintzen Aralarrera, artzain lanetara»
Pello Pagadizabal (Aia, 1961) baserritarra da, Olaskoaga auzoko Salbardin baserrikoa. Gaztetan artzain ibilia, artzain txakur txapelketetan iaioa da. Bigarren aldiz izan da ardiei jendaurrean ilea mozten Aiako Asentzio Azokan. Oraingoan, gainera, 11 urteko semearekin, Josebarekin, aritu da ofizio hori lehengo eran nola egiten den azaltzen.
Nolatan hartu duzu parte lehengo ofizioen erakustaldian?
Iaz Udalak norbait behar zuen ofizio hau erakusteko jendearen aurrean, eta neu joateko prest agertu nintzen. Makinarekin ala guraizeekin joango nintzen galdetu zidaten. Nik esan nien, lehengo erara behar bazuen, orduan guraizeekin joango nintzela. Aurten ere parte hartuko nuela esan nien, eta oraingoan, gainera, semea eraman dut neurekin.
Zer alde dago lan hori lehengo eran egitearen artean eta oraingo eran egitearen artean?
Ilea mozteko modua beretsua da. Makina azkarragoa da, eta ilea motxago moztu ahal da; horixe da aldea.
Guraizeekin ala makinarekin hasi zinen zeu?
Guraizeekin; makinarik ez zen artean. Artzain batekin mutil joan nintzen Aralarrera, 13 urterekin, 14 urte egiteko nintzela. Artzain mordoxka bat elkartzen ginen, eta batean baten ardiei mozten genien ilea, hurrengoan beste batenari. Elkarri lagunduz ibiltzen ginen. Bost urte pasatu nuen, soldadu joan arte. Gero neuk jarri nituen ardiak, eta hala hasi nintzen; gaur arte.
Erraza al da teknika ikastea?
Pixkanaka hasten zara normalean, ardiei sabel azpia garbitzen, gero ardiari hankak lotu eta beste moztaileei laguntzen. Gerora, pixkanaka-pixkanaka, aurrera jarraitzen duzu. Gauza guztietan bezala, neurria hartzeko jardun egin behar izaten da. Semeari ere, oraindik gaztea denez, toki zailenak neuk egin nizkion igandean; lepoa, sabel azpia eta ipurtaldea izaten dira okerrenak.
Ardi dezenteri ilea mozteko aprobetxatu zenuten erakustaldia.
Gehiagori ere moztuko geniokeen, baina uste baino beranduago hasi behar izan genuen. Bero egiten zuen, gainera, eguerdi-eguerdian.
Besteek egindako erakustaldia ikusten ere izan zinen. Zer iruditzen zaizu ekimena?
Gustura egon nintzen begira, baina gu ohituak gaude gauza horietara. Geu ere ibiliak gara zeregin horietan, eta ez digu horrenbeste inpresio egiten. Politagoa ikusten dut baserritarrak ez direnentzat eta hori ezagutu ez duten gazteentzat.
Bai. Izan ere, badakit iaz jendea ezin aurkituta ibili zirena, baina nik argi dut; denok modu berean jokatzen badugu ez dago zereginik. Mugitu egin behar da, besteek zerbait ikusiko badute. Lanik txarrena ardiak eramaten eta ekartzen izaten da, bere lana du, baina txakurrekin ere ondo moldatzen naiz, eta txakurra trebatzeko ere balio izan dit.
Izan ere, iazko artzain txakur txapelketako Gipuzkoako txapelduna zara.
Bai, eta finalera zuzenean sailkatuta nagoenez, beste txakur bat trebatzen ari naiz, harekin ere lehiaketan parte hartzeko. Lantz txakurrarekin lortu nuen garaipena, eta orain Arkaitz txakurra prestatzen ari naiz. Uztailaren 3an Zumaian izango da hurrengo kanporaketa, eta ordurako prestatu nahi dut azken hori. Finala Aian bertan izango da, San Inazio egunez.