Larunbatean, hilaren 28, Aiako IV. Auto Igoera egingo dute Andatzako auzotik abiatuta. Gaur eguerdian amaitu zen izena emateko epea, eta orain arteko parte- hartzerik handiena izango du rallyak. 60 auto lehiatuko dira; iaz baino hamazortzi gehiago, hain zuzen ere. Antolatzaileak «gustura» azaldu dira parte-hartzeari dagokionean, eta larunbateko lehia interesgarria izango dela adierazi dute: «Inguruko auto onenetakoak izango dira Gi-3710 errepidean».
Aurten hainbat berrikuntza izango du lasterketak, sariei dagokienez, batez ere. Orain arte ez bezala, autoak bi taldetan banatuko dituzte; batetik barchetta autoak izango dira, eta bestetik turismoak. Guztiak batera abiatuko badira ere, modalitate bakoitzeko sari bat emango dute, eta, beraz, bi txapeldun izango dira lasterketan. Sari horiez gain, ohiko moduan maila bakoitzean sari bana banatuko dute.
Beste berrikuntzetako bat Formula askea maila izango da. «Norberak bere kasa moldatu dituen autoak maila honetan sailkatuko dira. Askotan parte-hartzaileek motorra aldatzen diote autoari, eta horiek maila honetan lehiatuko dira. Orain arte maila hori ez zen puntuatzen», dio Arkaitz Iruretagoiena antolatzaileak. Beraz, antolatzaileek guztira hamazapi sari eta 6.000 euro banatuko dituzte lasterketan.
Ohiko ibilbidea egingo dute autozaleek. Lau kilometroko bidea egingo dute, eta hiru tandatan osatuko dute. Lehenengoa entrenamendu gisara egingo dute, eta ondoren bi txanda ofizial egingo dituzte. Manga horietan denbora onena lortzen duenak irabaziko du txapelketa.
Iruretagoienak adierazi duenez, hurrengo urtean lasterketako ibilbidea luzatzeko asmoa dute, parte-hartzaileen eta ikusleen gusturako: «Lasterketan parte hartzen dutenek diru dezente ordaintzen dute, eta, ondorioz, ibilbide luzeagoa eskaintzea eskertuko dute».
Iaz Aitor Zabaleta auto gidariak marka berria ezarri zuen, lasterketako bidea minutu bat eta 56 segundotan amaituta. Aurten ere igoerako faboritoa Zabaleta dela jakinarazi du Iruretagoienak. Halaber, gidariaren helburua errekorra haustea izango dela jakianarazi du: «Euskal Herri mailan ez du inork berea baino auto
hoberik. Eguraldi ona egiten badu, Zabaletak du aukera gehien lasterketa irabazteko».
Larunbat goizean zehaztuko dute zein autok hartuko duten parte igoeran. 10:00etatik 12:00etara egingo dute hori. 15:00etan hasiko da auto igoera, baina errepidea 14:00etan itxiko dute, 20:00etara bitartean.
Iruretagoienak lasterketa ikustera jotekoak direnei antolatzaileek esandakoei arreta jartzeko eskatu die. Ikusleen segurtasuna bermatzeko asmoz, markatutako guneetan baino ezingo dute egon. Hala jakinarazi dute antolatzaileek. Era berean, zinta gorriaz nabarmendutako guneetan ez egoteko eskatu diete. «Ikusleen
segurtasuna ez ezik, lasterketaren etorkizuna bermatzen du horrek», adierazi du Iruregoienak.