Baserritarren tradizioko ofizioak gogoratuko dituzte Asentzio Ferian

Ane Olaizola 2011ko maiatzaren 24a

Nekazaritza eta abeltzantza omenduko dute beste behin Aian egingo duten Asentzio Ferian. Urtez urte inguruko baserritarrek euren produktuak eta abereak erakutsi ohi dituzte, herritar ugariren begiradapean. Azken urtetan eutsi dioten egitaraua prestatu dute aurtengorako ere, baina berrikuntzarik ere izango da; lehenengo aldiz, ofizioen erakusketa egingo du herriko baserritar talde batek, eguerdian.
Erakusketaren bidez tradizionalki baserritarrek erabiltzen zituzten elementuak ikusi ahal izango dira herriko aparkalekuan; ardi ile mozketa, idi uztarketa eta sega lanak egingo dituzte, besteak beste. Belar garraiorako eta bestelako jardunbideetarako erabiltzen zituzten tresnak eta hiztegia berreskuratzea dute helburu egitasmo honen bidez. Halaber, Joxe Mari Aiertza antolatzailearen esanetan, egungo eta tradiziozko nekarazitza konparatuko dute saio horrekin.
Ohiko azokarekin hasiko dute Asentzioko feria. Goizean, barazkiak, fruta, gazta, eztia, ardoa eta baserriko bestelako produktuen erakusketa izango da. Guztira salmentara bideratutako hogeita hamar postu inguru jarriko dituzte eguerdira bitartean; horrez gain, abere, ganadu, ardi, hegazti eta bestelako animali «bitxiak» ere izango dira ikusgai orduan. Horiek aparkaleku ondoko kirol gunean izango dira. Goizean, gainera, baserri lanabesen salmenta ere izango da.
Oro har, aurreko urteetako postu kopuru antzekoa izango da igandekoan ere, eta besteak beste, eskulangintzari eta dastaketari zuzendutako hamabost postu inguru jarriko dituzte egun horretan.
Antolatzaileek lehenengo aldiz lumagorri pintxoak dastatzeko aukera prestatu dute iganderako. Hori hala, bertaratzen direnek oilasko pintxo bana eta ardoa, sagardoa edo txakolina jaso ahal izango du euro bakar baten truke. Aurreko urtean zerbitzu hori prestatu zuten, baina oilaskoaren ordez arkume pintxoak banatu zituzten. Antolatzaileek aurreratu dute urtez urte pintxoak aldatzeko asmoa dutela. Pintxo banaketarekin batera, ogi egileak eta artisautzako postuak izango dira eguerditik arratsaldera bitartean, plazan.
Arratsaldean ere izango da zer ikusirik; ohiko moduan, pilota partidak izango dira frontoian. Aiertzak adierazi du pilotari profesioanalak izandakoak eramateko asmoa dutela; printzipioz, Onzalo eta Larrañagak lau terdian jokatuko dute, eta Mikel Goñi eta Beitiak Jauregi eta Gorrotxategiren aurka jokatuko dute. Hala ere, Aiertzak adierazi du oraindik «guztiz zehaztu gabe» dagoela horiek guztiek jokatuko duten.
Aspalditik egiten den azoka da Asentzioko Feria. Hala ere, antolatzaileak argitu 90eko hamarkadan feria aldatzen hasi zela; «orduan, beste edozein herrietan egiten den ohiko azoka» bihurtu zela dio. Beraz, duela lau urte berriro abeltzaintza eta baserritarrengana hurbitzeko saiakera egin zuten, eta ordutik egitarau antzekoa prestatu ohi dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide